Darshan: L'étreinte

Joseba Terreros 2007-02-07 01:00

Dokumental honek India ikusgarri eta behartsu baizen miragarrian mundua sentiduteko beste lekukotza baten barri emon gura dau. Edozelan be, lar mistiko eta mitomanoa da eta horrek gogaikarri bihurtzen dau.

- Zuzendaria: Jan Kounen.
- Herrialdea: Frantzia.
- Iraupena: 90 minutu.
- Produkzinoa: Manuel de la Roche eta Tristan Frachon.
- Musikea: Jean-Jacques Hertz eta François Roy.
- Argazkia: Sébastien Pentecouteau.
- Muntaia: Anny Danché.

Indiak sakratutasun sakonari eutsi deutso eta, ondorioz, herri honetako tradizinoan guru eta erdi jainkoek itzelezko indarra daukie. Alde horretatik, Amritanandamayi-ren bizitzea ereduzkoa da. Gaur egun, bere buruari Amma (ama) esaten deutson andre hau oraindinokarren bizirik dagoan gururik garrantzitsuenetako bat da. Askoren eretxiz, ama jainkotiar baten haragitzea da, done bat. Neurri batean, guztiz ezaguna da Indiako ondare espiritualaren erritorik zaharrenetariko bat berreskuratu dauelako. 2002an Gandhi King saria emon eutsien, besteak beste Nelson Mandelak eta Khofi Annan-ek osotzen daben sarituen zerrenda ospetsuan sartuz. Halanda ze, dokumental honek India ikusgarri eta behartsu baizen miragarrian mundua sentiduteko beste lekukotza baten barri emon gura dau.

Indiaren ganeko film, istorio eta liburuek Mendebaldeko gizarte honetan guztiz ezezagunak diran ikusgarritasun, misterio, kolore eta erakargarritasun berezia euki daroe. Herrialdeko pobrezia gorria gorabehera, erosotasun eta kontsumoaren miopeentzat dan-dana izaten da erakargarria, Sortalde horretako usadio, jokabide eta pentsakeretara heltzeko aukerea daukagunean.

Dokumental honi, ostera, neurri bako mitozaletasuna dario; Amma ez da agiri Indiaren ikusmoldearen emoi legez, ezpada, haren irudia behin eta barriz agertu eta goratzearren, ikusleak abroziduteraino heltzen dan sasijainko maitagarri, gazbako eta gozoegi legez. Dokumental honek larregizko arretea imini dau pertsonaian eta trabes baino ez deutso begiratu era honetako bizipenak ahalbideratzen dauzen testuinguruari. Lar mistiko eta mitomanoa da eta horrek gogaikarri bihurtzen dau. Egia esan, nik sektetako buruei besterik ez neunskie gomendatuko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu