Windows Vista eta Office 2007: astiro baina badatoz

Gotzon Plaza Informatikoa 2006-11-22 01:00

Bakotxak jakingo dau Olentzerori zer eskatu baina teknologiagaz zerikusia daukan zeozer gura badogu, ez daiguzan ahaztu Microsoft-en azkenengo aukerak: Windows Vista sistema operatiboa eta Office 2007 programa paketea.

Olentzerori bialtzeko kartea idazten hasi ez bazarie, mobidu zaiteze. Bakotxak jakingo dau zer eskatu baina teknologiagaz zerikusia daukan zeozer gura badogu, ez daiguzan ahaztu Microsoft-en azkenengo aukerak: Windows Vista sistema operatiboa eta Office 2007 programa paketea.

Baina egia esan ez dakit Olentzerok holakoak ekarterik izango dauen, holako produktuen merkaturatzeak nabarmen atzeratzen diralako. Hasiera batean, Windows Vista sistema operatibo barria aurtengo bigarren sei hilabetekoan agertuko zala esan euskuen Microsoft-ekoek baina azken orduko arazoak tarteko atzeratu egin jake produktu barria. Beste gauza bat be gogoratu behar dogu, Microsoft-en azkenengo sistema operatiboa Windows XP izenekoa izan zala eta orain bost urte plazaratu ebela. Eta sarritan pasetan jakun legez, gure ordenagailuetan ez daukagu ez barriena (jakina, barria dalako eta oraindino merkatuan ezin dalako holakorik erosi) ezta aurrekoa be (XP), gure ekipoetan aurrekoren bat daukagu instalauta eta ederto baino hobeto konpontzen gara beragaz (berbarako, Windows 2000 bersinoa edo akaso zaharragoren bat: Windows 98).

Betiko dudea: produktu barria plazaratzen danean, derrigor erosi behar dot, nire ekipo zaharragaz pozik egon arren? Nahiz eta erantzuna batzuetan ‘bai, komeni jatzu produktu barria instaletea’ izan, sarritan sofware barria instalau gura dogunean, ekipoa aldatzea nahitaezkoa izaten da, batez be urte batzuk egon bagara ekipo bardinagaz. Dana dala, goazen harira eta komentau daiguzan produktu horreen zehaztasun batzuk.

Microsoft-ek bere Windows Vista sistema operatiboaren sei bersino eskainiko deuskuz. XPgaz be antzekoa egin eben baina oraingo honek ez dau bereiztuko XP-ak egiten eban legez, 32 edo 64 biteko ordenagailu, ekipo multimedia edo Tablet PC-en artean, bakotxari bertsino berezia eskainiz: oraingo Vista hau bardina da guztientzat. Teorian behintzat, Vista hau garatzeko orduan gehiago begiratu ei dabe berezoaren eskabideei ordenagailuaren hardwareari baino. Dana dalakoan, honako bersinoak luzatuko deuskuez:

- Etxerako, hiru aukera daukaguz: Windows Vista Home Basic (sinpleena), Windows Vista Home Premium (ertaina) eta Windows Vista Ultimate (akaso enpresa txiki bati gehiago jagoko holakoa etxean izateko baino).

- Enpresa munduari begiratuta hor dagoz Windows Vista Business (enpresa txiki eta ertainei zuzenduta), Windows Vista Enterprise (handiei jagoke).

- Merkatu barriei begiratuz, batez be hirugaren munduko bezeroentzat, beste bersino sinpleago bat preparau dabe, Windows Vista Starter.

Bitxitasun legez, Europan izandako arazoak dirala eta, Basic eta Business bersinoen beste bersino bat be eskainiko deuskue: Media Player barik. Europar Batasuneko monopolioaren kontrako legeak dirala eta, Media Player honegaz nahiko larrialdi eta arazo izan dabez, miloika eurotako isunak be bai.

Madrilen oraintsu egindako SIMO azokan aurkeztu da sistema operatibo barri hau eta abenduaren hasieran ipiniko da salgai (baina enpresentzako bersinoa bakarrik, etxerakoak Gabonak pasau eta gero merkaturako ei dabez).

Instaletako momentuan, Vista barriak gure ordenagailua aztertuko dau eta posible diran elementuak baino ez deuskuz instalauko. Holan ez dogu ezuste txarrik izango, zeozer instalauta daukagulakoan eta benetan ez dala martxan ipinten sufritu baino lehenago, ez jaku instalauko eta kito. Gero, eztabaidaren bat be egon da ekipoak behar dauzen ezaugarriak aztertzeko orduan. Dell ordenagailu egileak memoriako Gigabyte 2 behar zirala esan dau eta Microsoft-ekoek gitxienez 512 Mega eta gomendioa, Gigabyte batekoa izatea.

Produktu barrian ‘Aero’ izeneko interface-a da ikusgarriena baina hau goi mailako bersinoetan egongo da bakarrik; honegaz, Tom Cruise-en ‘Minority Report’ pelikulan ikusten genduan antzera, edegita daukaguzan lehioak hiru dimensinoko itxura batean agertuko jakuz eta holako lehiotxo batetik bestera pasetea gezia gainean ipiniz egingo dogu, saguaren klik-a egin barik.

Eta beste ezaugarri berezi bat nabarmentzekotan (hau be goi mailako bersinoetan bakarrik) ahotsa ezagutzen dauen sistema bat izango litzateke. Hau da, gure ahotsa erabiliz saguagaz egiten doguzan lan guztiak egiteko gai izango gara. Sano interesgarria persona ezindu batzuentzat (itsuentzat berbarako). Sistema hau erabilteko lehenengo eta behin ordenagailua ‘entrenau’ egin behar dogu, gure ahotsa ezagutu bahar dau eta; horretarako, ariketa batzuk egin beharko doguz. Azken batean, ordenagailuak hiztegi baten antzekoa bat eukiko dau, alde batetik gure ahotsa eta beste aldetik soinu horregaz lotuta dagozan aginduak. Antzeko zeozer aspalditik asmauta dago testu prozesatzaileentzat: akaso gehien zabalduta dagoana zera izango da Dragon Naturally Speacking izeneko programea: guk berba egin ahala gure hitzak word formatuan eukiko doguz.

Microsoft-en beste produktu barriak (Office 2007) be antzeko bidea jarraitu dau. Hasiera bateko planen arabera, aurtengo udagoienerako merkaturatzeko asmoa egoan baina atzerapenak atzerapen, oraintxe Gabonetarako egongo ei dala esan deuskue Windows Vista-gaz batera baina kasu honetan be enpresentzako bersinoak baino ez dabez atarako. Ganerako bersinoak datorren urtearen hasieran etorriko ei dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu