Manu Robles-Arangiz Fundazinoak Karmelo Merinoren 'La huelga' izeneko lana argitaratu dau
2006-06-13 02:00'Behar handiko lana da, izan be, lan-legeria ez baita dagoeneko erabateko bermea langileen eskubideetarako. Halan da be, huelgea sasoiko dago eta eskubideen aldeko burrukan tresna erabilgarria dogu'.
Liburuaren aurkezpenean, Merino donostiarragaz batera, German Kortabarria ELAko idazkari nagusiaren ondokoak, Alazne Alonso ELAko Zerbitzu Juridikoetako arduradunak eta Fernando Iraeta Robles-Arangiz Fundazinoko zuzendariak hartu dabe parte.
Karmelo Merinok, ELAn INEMeko ordezkari legez liberauta jardun eban, eta 1996tik hona zerbitzu juridikoetan ibili da lanean. Sindikatuko ibilbide oparo honetan batutako esperientzia eta gogoetakaz osotu dau Karmelo Merinok grebeari buruzko informazinoa. 'Behar handiko lana da, izan be, lan-legeria ez baita dagoeneko erabateko bermea langileen eskubideetarako. Halan da be, grebea sasoiko dago eta eskubideen aldeko burrukan tresna erabilgarria dogu'.
German Kortabarriak aitatu dauenez, 'grebea funtsezkoa da burrukarako prest dagoan sindikalismoarentzat. Grebea gaur egungo tresna bat da, eta errebindikazinorako prest dagoan klase-sindikalismo bat badala frogatzen dau; beronen helburua aberastasuna hobeto banatzea eta ugazaben inposizinoei aurre egitea da' .
Kortabarriaren ustez, 'gainbehera legalaren eta herri-administrazinoek nahiz enpresaburuek gero eta gogotsuago ezarri gura dabezan oztopoen helburua langile-klasearen oinarrizko eskubideak galarazotea da, eta honen tresnarik eragingarriena grebea da oraindino' .
Bestalde, Alazne Alonsoren arabera, langileek eta beren ordezkariek legeak eta prozedura administratiboak ondo ezagutu behar dabez, 'lan-gatazketan ezustekorik izan ez daiten'. Horregaitik, Alonsok azaldu dau Merinoren lanean auziaren 'alderdi danak' jorratzen dirala, besteak beste, gatazka kolektibo era desbardinak, grebeari buruzko legeria, legez kanpokoa noiz izan daitekeen, gehiegizko grebea, greba-batzordea, funtsezko zerbitzuetan zer pasetan dan edota, gatazken ondorioak.
Azkenik, Manu Robles-Arangiz Fundazioko zuzendariak azpimarratu dau liburua 'oso interesgarria' dala, eta ekintza sindikalean gaurkotasunezko gaia aztertzen dauela. Izan be, Merinok Otto Kahn-Freund legegizonari hartu deutson esaldi batek dinoan moduan: 'kapitalaren eta lanaren arteko gatazkea gizarte industrialagaz lotuta dago, eta beraz, lan-hartu-emonakaz'.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!