‘En castellano, por favor’ jardunaldiak antolatu ditu Kontseiluak

Bizkaie! 2006-06-06 02:00   Euskerea berbagai

Euskerearen erabilerea sustatzeko hizkuntza-politika baten beharra adierazoko dabe gaur, bagilak 7, Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean egingo diran jardunaldietan.

Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak ‘En castellano, por favor’ izenburuko jardunaldia egingo dau gaur, bagilak 7, Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean. Euskerearen erabilerea areagotzeko hizkuntza-politika baten beharra adierazoko dabe topaketan parte hartuko dabenek. Sarrerea dobakoa izango da.

Antolatzaileek adierazo dabenez, jardunaldia goizeko hamarretan hasiko da, Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak egingo dauen aurkezpenagaz. Ostean, Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’-k ‘Euskaldunok euskereagaz dogun atxikimentuaren azterketa matematikoa’ izenburuko berbaldia eskainiko dau.

Berbea hartzen hurrengoa Mari Jose Azurmendi Euskal Herriko Unibersidadeko Katedraduna eta BAT Soziolinguistika aldizkariaren zuzendaria izango da, hamaiketan, ‘Euskerea erabiltearen erraztasunaren / zailtasunaren eragin emozionala era horren ondorioak’ berbaldiagaz.

Kafetxua hartu ostean, 12:30etan, ‘Erabiltzaileen oztopoak. Azken bost urteotako behaketea’ gaia landuko dau Paul Bilbao Behatokiko zuzendariak. Berbaldi horregaz amaituko da jardunaldien goizeko saioa.

Arratsaldean, 15:30etan hasita, AEK-ko ordezkari batek ‘Helduen euskalduntze alfabetatzearen papera erabilera politikan’ berbaldia emongo dau. Ostean, 16:15ean, ‘Euskera Alkarteen esperientzia: euskerearen erabilerea lantzeko programak’ berbaldia emongo dau Karmen Irizar Topaguneko presidenteak. Amaitzeko, bostak aldera, galderak erantzuteko prest egongo dira Xabier Mendiguren eta Iñaki Lasa Kontseiluko ordezkariak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu