Iñurrategi anaiak protagonista 13. BBK Mendi Film-en

Bizkaie! 2020-12-04 13:58   Zinemea

Hilaren 13ra arte martxan da mendiari eta natureari eskainitako jaialdia.



Bilbon eta online, kokaleku bi izango ditu 13. BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiak. Euskalduna jauregian izango da hasierako ekitaldia, abenduaren 4an, 19:00etan. Sail Ofiziala Salto is the King filmak edegiko dau, Venezuelako Salto del Ángel urjausi ikusgarrira eroango gaituen lana. 2016an Mendi Film-eko sari nagusia irabazi eban Pavol Barabas zuzendari eslovakiarra Bilbora bueltauko da, beraz, Salto is the King be berak egina da eta.

Lehiaketaz kanpo, Zabalandi sailaren barruan, Arriesgarse a vivir ikusi ahal izango da aurtengo edizinoko hasiera ekitaldian. The Walk On Project egitasmoak bultzatutako film honek kemenez betetako mezu positiboa dakar, bertako protagonisten bizipen eta gogoeten bidez. Besteak beste, Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo, Mikel Zabalza, Juanjo San Sebastian, Nives Meroi, Romano Benet eta Didac Vila agertzen dira.

Zapatuan, hilak 5, aurtengo jaialdiko protagonista nagusietako bi aurkeztuko ditu Mendi Film-ek, Felix eta Alberto Iñurrategi anaiak. Felix Himalaian hil zaneko 20. urteurrenean, Mendiari bihotz emanak komiki-liburua plazaratu dabe Ramon Olasagastik eta Cesar Llagunok. Alberto Iñurrategigaz batera aurkeztuko dabe argitalpena Euskalduna jauregian, 17:30ean. 

Aurtengo beste omendua Baltistan Fundazinoa izango da, Pakistango eskualde haretan mendizaletasunaren bidez gizartearen garapenerako proiektuak martxan jarten urteak daroazalako. WOP Saria emongo deutse fundazinoari, zapatuan Euskaldunan bertan egingo dan ekitaldian (19:00). 

Baina, pandemiak bultzatuta, online alderdia be indartuta dator 13. Mendi Film-en. Zaleek pelikulak alokatu ahal izango ditue webgunearen bidez. Nahi beste film ikusi ahal izango dira, eta epeak egongo dira aukeran: egun bakarra, 72 ordu edo 30 egun. Aukeratutakoaren arabera pagauko dabe erabiltzaileek. 

Online zein Bilbon bertan, mendiari, natureari eta abentureari lotutako makina bat film ikusi ahal izango dira egunotan. Tartean egongo dira sei estreinaldi. Horreetako bost, euskal produkzinoak dira: Aterpean ateri; lehen aitatutako Arriesgarse a vivir; Iparraldean; Mendian hil, hirian hil; eta Urmuga. Bestea Extremadurako film bat da, Jurria: Guardianes del garrote. Euskaldunan, Golem aretoetan eta BBK Salan izango dira proiekzinoak, online bidez ikusteko aukerea ahaztu barik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu