Konfinamenduan Bilbon egindako argazkiak, Guggenheim Museoan

Bizkaie! 2020-12-03 13:55   Kulturea

José Manuel Ballesterrek egin ditu formatu handiko irudiok. 

Covid-19aren pandemiagaz lotutako erakusketea zabaldu dau Bilboko Guggenheim Museoak, José Manuel Ballester artistearen [2020/03/15] proiektuko argazkiak formatu handian erakusten dituana. Udabarriko konfinamenduan Bilboko kaleetan ibili zan Ballester, kale hutsak eta jente bako espazioak argazkietan jasoten. Guggenheimeko erakusketan, irudiok Ballesterren beraren Guernica hustua obrearen aurrez aurre ipini ditue.

Izan be, [2020/03/15] argazki-sorteak eta Picassoren Guernica koadroaren berrinterpretazinoa dan argazki-erreprodukzinoaren asmoa bera da: Gerrek eta pandemiek eragiten dituen ondorioen inguruko gogoetea eragitea. 

Konfinamenduan egindako argazkietan, Bilboko leku enblematiko ugari agiri dira, normalean baino hutsago eta bakartiago: Salbeko zubia, metroa, Bailen kalea... Kalean ez ebilen inor, eta horrek eszena harrigarriak jarri eustazan begien aurrean, azaldu dau Ballesterrek. Baina gehien artegatu ninduana biztanle guztiak han egozala jakitea zan, etxeko hormen atzean babes hartuta. Horren hur gengozan arren, isiltasuna zan nagusi.

Museoko areto oso bat hartzen dau Ballesterren argazkien eta Guernica-ren berrinterpretazinoaren arteko alkarrizketeak. Guggenheimen webgunearen bidezko esperientzia digitala dau osogarri. Ganera, liburu bat argitaratu dabe, konfinamenduan egindako hogei argazki eta Picassoren obrearen berrirakurketea jasoten dituana, Carlos del Amorren iruzkin eta guzti. 

Argazkiok sortzen dituen pentsamendu, emozino eta gogoetetatik abiatuta, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio txapeldunek bertsoak kantauko ditue abenduaren 21ean, bertso saio berezi baten. Ekitaldia Guggenheim Museoan izango dan arren, streaming bidez be ikusi ahal izango da. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu