Zinebiren Ohorezko Mikeldia heldu jake Dardenne anaiei
2020-12-02 13:11 ZinemeaBelgikan bizi dira, eta ezin izan ziran Bilbora etorri, pandemiagaitik.
Covid-19ak eragindako oztopoen ganetik, Bilboko Zinebi jaialdiaren 2020ko edizinoaren Ohorezko Mikeldia irabazleen eskuetan dago azkenik. Luc eta Jean-Pierre Dardenne anaia belgikarrak izan ziran sarituak, baina Covid-19aren pandemiagaitik ezin izan ziran Bilbon antolatutako ekitaldira etorri. Zemendiaren 13an zan hitzordua, bigarren olatuko momenturik txarrenean. Ganera, Covid-19ak gogor jo dau Belgika, Dardenne anaien jaioterria.
Hortaz, Maite Leyún artisteak egindako oroigarria Belgikara bialdu deutse Zinebik Dardenne anaiei. Egunotan jaso dabe, eta argazki bat bialdu dabe Mikeldia eskuetan.
Luc eta Jean-Pierre Dardenne zinema zuzendari beteranoak dira, eta normalean alkarregaz egiten ditue filmak. Produktore be ibili izan dira. Euren herrialdean ez eze, nazinoartean be ospea eskuratu dabe, batez be Canneseko jaialdian irabazi dituen sariei esker. Europako zinemagintza sozialaren ordezkari nagusien artean dagoz.
Zinebiren 62. edizinoan Le chant du rossignol dokumentalaren edizino barritua aurkeztu zan. Dardenne anaien lehenengo filmetako bat izan zan, 1977an egina, baina beste ikutu bat emon deutse orain. Bilbon erakutsi aurretik, Lyongo Lumière jaialdian baino ez zan ikusi edizino barritua, urrian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!