Lukas Marxt Zinebiko Sari Nagusiaren irabazlea
2020-11-20 11:23 ZinemeaImperial Irrigation izeneko dokumentala Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren sarieketean gailendu da.
Artista bisualak, Imperial Irrigation (2020, Austria-Alemania) lanagaz, Bilboko Udalak antolaturiko Zinebi – Bilboko jaialdiaren 62. edizinoko Sari Nagusia lortu dau, 7.000 eurokoa. Marxtek bideoinstalaziona eta zinemea konbinetan ditu bere ibilbidean, eta Belgikako edo Estatu Batuetako museoetan erakusketak izan ditu. Saltongo itsasora itzuli da film labur honegaz, Imperial Valley (2017) 2018an Gijongo Nazinoarteko Zinemaldian saritua izan zan pelikulean ha erretrau ostean. Sail Ofiziala, hurranez hurran, Film Laburren Nazinoarteko Lehiaketako Sari Nagusiak, Euskal Film Labur Onenaren Sari Nagusiak eta Espainiako Film Labur Onenaren Sari Nagusiak osotzen dabe.
Guztira, 60 film labur (21 fikzino, 20 dokumental eta 19 animazino) lehiatu dira ZINEBIren edizino honetan, eta generoen araberako Mikeldi sariak be banatu dira: Rio (Zhenia Kazankina, 2019), Errusiako ekoizpenerako fikzinozko film laburrik onenaren sarira; Shanzhai Screens (Paul Heintz, 2020), Frantziako zintarako film labur dokumental onenaren sarira eta Kkum (Kangmin Kim, 2020), Koreako eta Estatu Batuetako koprodukzinorako animazinozko film laburrik onenaren sarira. Telematikoki jakinarazo dira, aurten, Anette Dujisin zinema ekuatoriarreko programadoreak, Eugenia Mumenthaler ekoizle argentinarrak, Izibene Oñederra euskal zuzendari eta ekoizleak, Daniel Ribas zinema portugaldarreko ikertzaile eta idazleak eta Txani Rodríguez idazle, gidoilari eta euskal kazetariak osotutako Epaimahaiak saritutako film laburrak.
Sail Ofiziala
Sail Ofizialeko sariketarik handienari jagokonez —12.000 eurokoa—, ZIFF ZINEBI First Film nazinoarteko lehiaketako opera prima onenarentzako saria The Earth is blue as an orange filmarentzat izan da. Ukrainako eta Lituaniako ko-produkzinoa da; bere zuzendari Iryna Tsilykek Sundance Jaialdian dokumental-kategoriako Zuzendaritza Onenaren Saria jaso dau aurten, bere lehen filmagaitik.
Carolina Cappa Argentinako ikus-entzunezko artxibozainak, Charlotte Serrand La Roche-sur-Yon Nazinoarteko Zinemaldiko zinemagile eta zuzendari artistikoak eta Diana Toucedo Bartzelonan bizi dan zinemagile eta muntatzaileak osoturiko epaimahaiak azpimarratu dabe film irabazlearen zinemea erresistentzia eta bizirauteko modu lez erabilteko trebetasuna, zinemearen beraren eta errealidadera egiten dituan hurbilketen bidez.
Zinebi Networking: Dokumentalen Sorgunea
ZINEBI 62k eta Euskal Ekoizleen Alkarteak (EPE-APV), Euskal Telebistearen (ETB), Europa Creativa MEDIA Desk Euskadiren eta ZIneuskadi-ren babesagaz, martitzenean, Zinebi Networking: Dokumentalen Sorgunea dokumentalen hirugarren foro profesionala ospatu eban, euskal zinemean hazten ari dan sormena sustatzeko eta ikus-entzunezko ekoizpena garatzeko.
Hirugarren deialdi horretara 31 proiektu aurkeztu ziran, eta horreetatik 8 aukeratu, foroan parte hartzeko. Hautatutako proiektuei aholkularitzea emon eutsen adituen nazinoarteko batzordeak; batzorde horrek erabagi eban 10.000 euroko laguntzinoa emotea Amaia Remirezek zuzendutako Bayo Bayo Bay izeneko proiektuari, Kanaki Filmsek, Caballo Filmsek eta Snowglobe Filmsek ekoitzia.
Zinebi 62. Palmaresa
- Bilboko Jaialdiaren Sari Nagusia
Imperial Irrigation, Lukas Marxtena (Dok. / Austria-Alemania)
- Euskal film labur onenaren Sari Nagusia
Polvo somos, Estibaliz Urresolarena (Fik. / Euskadi)
- Espainiako film labur onenaren Sari Nagusia
Zerua Blu, Lur Olaizola Lizarralderena (Dok. / Euskadi)
- Fikzinozko film labur onenaren Mikeldia
Rio, Zhenia Kazankinarena (Errusia)
- Animazinozko film labur onenaren Mikeldia
KKUM, Kangmin Kimena (Hego Korean eta AEB)
- Film labur dokumental onenaren Mikeldia
Shanzhai Screens, Paul Heintzena (Frantzia)
- Ziff – Zinebi First Film - Sari Nagusia
The Earth is Blue as an Orange, Iryna Tsilykena (Doc. / Ukrania-Lituania)
- Ziff – Zinebi First Film - Gazte Epaimahaiaren Saria
A nossa terra, o nosso altar, André Guiomarena (Dok/ Portugal)
- Gidoi onenaren SGAE Fundazinoa Saria
Polvo Somos, Estibaliz Urresolarena (Fik. / Euskadi)
- Publikoaren EITB Saria
Hemen. Gaur. Berriz., Aitor Gametxorena (Dok. / Euskadi)
- FAS Zineklubaren Saria
El ruido solar, Pablo Hernandorena (Dok. / Euskadi)
- UNICEF Saria
En route, Marit Weerheijmena (Fik. / Herbereak)
- Zinebi Networking 2019: Dokumentalen sorgunea Saria
5 minutu, Amaia Nerekan Umaranena (Marmoka Films).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!