‘Stardog & Turbocat’ filma barikuan helduko jaku
2020-10-22 12:32 ZinemeaGure lurraldean euskeraz baino ezin izango da ikusi.
Zinema Euskeraz programeak bultzatutako Stardog & Turbocat filma estreinauko dabe bihar EAEko hiru zinema-aretok. Gure lurraldean euskeraz baino ezin izango da ikusi eta film honen estreinaldiari esker, itxialdiaren ondoren egin dan hirugarrena, Zineuskadik jarraipena emon deutso euskal ikus-entzunezkoen sektorea suspertzeko konpromisoari, izan be, kontuan izan behar da sektore honi COVID-19aren pandemiak sortutako geldialdiak gogor eragin deutsola. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak pelikulak bikoiztea bultzatzen dau ume eta gazteentzat eta euskerea sustatzen dau zinemagintzan. Testuinguru horretan, barriro jarri da martxan Zinema Euskeraz programea, zinema-aretoetan normaltasuna berreskuratzen laguntzeko, familiei zuzendutako eduki erakargarria eskainiz.
Ben Smith zuzendari ingelesaren film honek heroi biren istorioa dakar: Buddy, txakur leiala eta Felix, katu ongilea. Buddy espaziora bialdu eban zientzialari batek eta, arazo baten ondoren, superheroi bihurtu zan. 50 urtean espazio-ontzian preso egon ondoren, 2019an, ezagutzen ebanaren oso bestelako mundu batean lurreratu da. Aldaketa garrantzitsuenetako bat da herritarrek animaliak gorrotatzen dituela eta, beraz, abentura-lagun bat topau behar dau. Jaubearen bila dabilela, Felix topau eta beragaz abentura handiak biziko ditu.
Hurrengo zinemetan estreinauko da filma: Golem Alondiga (Bilbo), Niessen zinemak (Errenteria) eta Antiguo Berri zinemak (Donostia).
Era berean, zemendian, Zinema Euskeraz programearen barruan, Dragón Rider filma helduko da aretoetara, Cornelia Funkeren Dragon Rider best-sellerrean oinarritua.
Abenduan beste pelikula bat izango da edade guztietako jentearentzat: Las crónicas de Fabulandia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!