Donostiako Tabakalerak @eremuak programea jasoko dau

Bizkaie! 2020-10-14 10:05   Kulturea

Arte garaikidean testuingurua produziduteko programa edegia da.

Tabakalerak Eusko Jaurlaritzearen @eremuak programa edegia jasoko dau, euskal eremuan praktika artistikoen testuingurua ezartzea eta artistentzako eta sortzaileentzako plataforma bat eskaintzea, eztabaidarako eta topaketarako giroa bultzatzea eta egungo errealidade artistikoaren behatoki lez funtzionauko dauen lan-espazio bat egokitzea helburu dituana. Eremuak kontzeptu edegi baten arabera diseinauta dago eta kontzeptu horrek praktika garaikideak eboluzinoan dagozan lan-prozesutzat hartzen ditu, praktika horreetako beharrak eta diskursoak identifiketan saiatzen da. Honako jarduera-arlo honeek ditu: deialdi jarraitua, jardunaldi publikoak, argitalpen-arloa, egoitzak, Harriak programea (EAEko kultur etxeetako erakusketen programea) eta praktika artistikorako laguntza barriak (sare artistikoa indartzea helburu dabenak).

Hona hemen zifra batzuk: hamar urtean izan dauen ibilbidean, eremuak programeak 100 proiektu baino gehiago babestu ditu deialdi jarraituaren bidez; 90 artista baino gehiagoren 30 erakusketa inguru antolatu ditu EAEko hainbat udalerritan, Harriak programearen bidez; dozena bat argitalpen propio kaleratu ditu; eta 8 jardunaldi publiko atondu ditu, hainbat eguneko iraupenekoak, bere jarduerearen barri emoteko, besteak beste.

Eremuak programearen edukiak artistek eta komisario independenteek osotutako batzorde tekniko batek sortzen ditu, Batzorde horrek txandaka funtzionetan dau. Gaur egun, honako honeek osotzen dabe eremuak-en batzordea: Jose Ramon Amondarain eta Maider Lopez artistek eta Aimar Arriola komisarioak.

Hona hemen batzordekide izandako batzuk: Iñaki Imaz, Leire Vergara, Pello Irazu, Itziar Okariz, Peio Aguirre, Beatriz Herráez, Nuria Enguita, Fernando Illana, Pedro G. Romero, Daniel Castillejo eta Juan Luis Moraza.

Bilboko Azkuna Zentroan 4 urtez eta aurretik Gasteizko Artium Museoan beste 5 urtez egin ondoren, 2020an programea Tabakalerara eroan da, aberasteko eta hazteko bide barriak aztertzeko helburuari eutsiz.

Aurtengo jardunaldietan, azken urteotan Eremuak-en bidez babestutako zenbait proiektu aurkeztuko dira; deialdi jarraituan eta Eremuak-en praktika artistikorako laguntzen bidez babestutako sortzaileek hartuko dabe parte, baita Harriak programako parte-hartzaileek be. Era berean, Eremuak aldizkariaren 7. zenbakia eta artista koadernoa aurkeztuko dira.

Eremuak jardunaldiak 2020ko urriaren 16an eta 17an izango dira, Tabakalerako Z aretoan, eta honako honeek izango dira aurkezleak: Artiatx (Javier Arbizu, Oihane Iraguen, Irati Urrestarazu Zubizarreta), Nora Aurrekoetxea, Azpi kultur elkartea (Jon Ander Agirre, Maite Alonso, Iñigo Benito Molinero, Fran Fraca, Irati Gorostidi, Ane Zaldibar), Vis a vis (Laura Díez eta Amaia Molinet), Katixa Goldarazena, Teresa Lanceta, Ion Macareno, Antonio Menchen, Clara Moreno Cela, Ion Munduate, Olatz Otalora, Miel Oyarzabal, Ainize Sarasola, Tripak kolektiboa (Andrea Berbois, Maite Mugerza, Marina Suárez, Natalia Suárez).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu