V. GetxoExpress Film Laburren Jaialdiak 2.600€ baino gehiago emongo ditu

Bizkaie! 2020-10-14 08:11   Zinemea

Aurten GetxoExpress PRO da barrikuntzea.

GetxoExpress Film Laburren Lehiaketearen bosgarren edizinoa urriaren 23tik 25era egingo da. Aurten, zinemaldian parte hartzeko egon diran 25 plaza pare bat egunetan amaitu dira. Gainera, GetxoExpressen programazinoa GetxoExpressPRO ekimenagaz osotuko da, hau da, ikus-entzunezkoen profesionalentzako egun bi izango dira, hain zuzen be, urriaren 21ean eta 22an.

Pprogramazino osoa ikusi ahal izango da bai aurrez aurre, baita streaming bidez be, lehiaketearen webgunean. Jarduera guztiak doban izango dira.

Lehiaketea urriaren 23an hasiko da, 18:00etan. Bertan parte-hartzaileei edizino honetako gaia emongo jake eta momentu horretatik aurrera, 25 taldeek 42 ordu izango ditue ideak landu, grabau eta film laburrak produziduteko. Filmen proiekzinoak eta sariak emoteko ekitaldia urriaren 25ean izango dira, 18:00etatik aurrera, Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan.

Jaialdiak 2.600€ baino gehiago emongo ditu irabazleen artean. GetxoExpressPRO GetxoExpress PRO ekimenean, urriaren 21ean 18:00etan, Inge Sáezek parte hartuko dau. LinkedInen aplikautako
marketin-estrategietan aditua da eta ikus-entzunezkoen eta kulturearen sektoreko enpresen eta profesionalen ikusgarritasuna hobetzeko tailerra emongo dau Linkedin-en bidez.

Ondoren, 19:00etan, zenbait film labur erakutsiko ditue; proiektu horreetako talde batzuk bertan izango dira eta, gero, Borja Crespok moderautako mahai-inguru batean entzun ahal izango dira.

GetxoExpress PRO horregaz amaitzeko, urriaren 22an, 11:00etan, Moriarti Produkzinoak etxeko kideek zinema zuzendaritzea eta talde-lanaren inguruko masterclass bat eskainiko dabe. Lan egiteko moduez eta filmaketetan eta ikus-entzunezko proiektuetan talde-lanak dauen garrantziaz berba egingo dabe.

GetxoExpress Pro programearen edozein jardueratan aurrez aurre parte hartzeko, Romo Kultur Etxean, interesdunek hurrengo helbidean emon beharko dabe izena: https://getxoexpress.com/gtx-pro


Epaimahaia eta babesleak

GetxoExpressen epai-mahaikideak honako honeek dira: Ramón Barea, aktorea; Iratxe Fresneda, zinema zuzendaria eta Gorka Aguirre, efektu berezietako makilajea.

Lehiaketea egin ahal izateko, ezinbesteko laguntzaileak dira Getxoko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Bizkaia Zubia eta Metro Bilbao.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu