Euskadiko Filmategiak ziklo bat eskainiko deutso Éric Rohmerri

Bizkaie! 2020-10-02 10:33   Zinemea

11 film eskainiko ditue 2020ko urritik abendura.



Euskadiko Filmategia
k Éric Rohmerri eskainitako zikloa dakar. Danetara, 11 film erakutsiko ditue Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Arte Eder Museoan. Hasteko, Donibane Lohizuneko Cinéma Le Sélect aretoan antolatutako saio berezi bategaz hasi da zikloa urriaren 1ean. Era berean, El rayo verde –Le Rayon vert– (Éric Rohmer, 1984) filmagaz ekingo jako zikloari urriaren 2an, Donostian eta urriaren 3an, Bilbon. Proiekzino bi horreek Marie Rivière aktoreak aurkeztuko ditu. Bestalde, Mariasun Landa idazleak urriaren 8an aurkeztuko dau Donostian Nire gaua Mauden etxean –Ma nuit chez Maud– (Éric Rohmer, 1968). Film guztiak jatorrizko bersinoan eskainiko ditue, horreetako hiru euskerazko azpitituluakaz eta gainerakoak gaztelaniazkoakaz.

Era berean, zinemagile frantsesaren ibilbidea errepasauko dauen Todos los caminos llevan a Rohmer izeneko mahai‐inguru bana antolatu da Donostian eta Bilbon, Joxean Fernández Euskadiko Filmategiko zuzendariak gidatuta. Tabakalerako (Donostia) hitzordua urriaren 15ean izango da Z Aretoan eta parte‐hartzaileak Ricardo Aldarondo zinema kritikaria eta El Diario Vasco egunkariko Kultura saileko erredaktorea eta Antonio Santamarina Filmoteca Españolako Cine Doré aretoaren kudeatzaile ohia izango dira. Bestetik, Bilbon izango da barriketaldia urriaren 17an eta, kasu horretan, Carlos F. Heredero Caimán Cuadernos de Cine aldizkariko zuzendariaagaz elkarrizketatuko da Antonio Santamarina.

Proiekzinoetarako sarrera 3,50 euroan dago salgai. Bilbon, museoko leihatilan edota www.museobilbao.com webgunean erosi daitekez sarrerak; 2 euroan Museoaren Lagunentzat eta doban izango dira 25 urtetik beherakoentzat (museoko leihatilan jaso behar dira sarrerak). Donostian, Tabakalerako Informazino Puntuan, zinema-aretoko leihatilan (saioa hasi baino 30 minutu lehenago) eta interneten (https://ticket.kutxabank.es/tabakalera) egongo dira salgai eta % 10eko deskontua izango dabe Tabakalera edota Donostia Kultura txartelak dituen ikusleek. Mahai‐ingururako sarrerea, barriz, 
doban izango da (aretoa bete arte).


Éric Rohmer

Literatura‐irakasle, zinema‐kritikari, Cahiers du Cinéma aldizkariko zuzendari (1957‐1963) eta zinemagile. Éric Rohmer (1920‐2010) dogu, nouvelle vague mobimentuaren buru teorikoa eta Godard, Rivette, Chabrol eta Truffauten gidari espirituala. Prosazko zinemearen eta gardentasunaren defendatzaile (kamera ikusezina, zintzotasuna enkoadraketan, giza begiaren mailako begiradea, errespetua errealidadeari), hiru sail zabal dira Rohmerren lanaren ardatz nagusiak, eskema beraren bariazino sinfonikoak hirurak be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu