Euskal Zinemearen Galan, Sara Bilbatua, 'Bizimina' eta 'Non dago Mikel' gaur protagonista

Bizkaie! 2020-09-22 11:39   Zinemea

Sara Bilbatuak irabazi dau Zinemira Saria.

Donostiako 68. Zinemaldiaren barruan, Sara Bilbatua eibartarrak eroan dau Zinemira Saria. Casting zuzendaria daprodukzinoetan casting teknikea apliketan eredu, aitzindarietakoa. Psikologia eta antzerki interpretazinoa ikasi zituan. Tanami Casting agentzia gidatzen dau eta tarteka casting orientazinoa, kamera aurreko jarduna edo casting-aren helburua jorratzen daben ikastaro eta mintegietan parte hartzen dau. 



Pablo Iraburu, Migueltxo Molina eta Jon Mayaren Biziminak dokumentalak zinema dokumentala eta jantzak buztartzen ditu. Pieza independente batzuen bidez, kontakizun bat osotu eta bertan topetan dabe alkar gaur egun hainbeste kostetan jakuzan emozinoek: distantzia, besteen faltea igartea, pasinoa, komunidade-sentimendua, ezintasuna, isolamendua, nahasmena, itxaropena. Koreografiak hobeto sentiarazoteko eta lagun egiteko balio dauen kontakizun bat taiutzen dau.:

Pablo Iraburuk (Iruñea, Espainia. 1969) eta Migueltxo Molinak (Iruñea, Espainia. 1978) Pura vida (2012), Muros/Walls (2015) eta Elkarrekin-Together (2017) dokumentalak zuzendu ditue, azken hori Igor Otxoagaz batera, eta danak Zinemiran aurkeztu ditue. Arena Comunicación Audiovisual sortu ebanetik, Iraburuk NBErako, Bartzelonako Forumerako eta Medicus Mundirako dokumentalak filmau ditu mundu osoan. Zabaltegin estreinau zan Nömadak Tx (2006) filmaren produktorea eta zuzendarietako bat izan zan. Molina Arena Comunicaciónek egindako lanen gidoilari, argazki-zuzendari eta zuzendari izan da. Desafío 14+1 (TVE,2011) programearen errealizadorea be izan zan. 


Jon Maya (Errenteria, Gipuzkoa. 1977) Kukai Dantza taldeko zuzendaria, jantzaria eta koreografoa da eta Oskara (2016) film luzean parte hartu eban . Bizimina da zuzendu dauen lehen filma.

Gaueko 22:30ean, Victoria Eugenia Antzokian da hitzordua.


Non dago Mikel? filmaren estreinaldia


1985ean, Mikel Zabalza nafar gaztea desagertu zaneko kontakizuna, Guardia Zibilak ETAko militantea zalakoan atxilotu ebenekoa. Zabalza desagertuta egon zan 20 egun horreetan, bersino ofizialak eragindako mesfidantzak bultzatuta jokatu eban euskal gizarteak eta gizon gaztearen gorpua azkenean Bidasoa ibaian  agertu zanean, protesta ugari egin eta gorabehera sozial handiak egon ziran. Zabalza torturauta hil zala uste eban jenteak baina ez eben inor ez epaitu ez zigortu. 2020ko zemendian 35 urte beteko dira Zabalza hil zanetik, eta bere familiak egia jakin guran jarraitzen dau.

Amaia Merinok (Donostia, 1970) aktore lanak egin ditu Pedro Olearen Akelarre (1984) eta Montxo Armendárizen Tasio (1984) filmeetan. 1993an, Quitora joan zan biziten eta bertan geratu zan 2017ra arte. 25 film dokumentaletan eta fikzinozko filmetan baino gehiagotan egin dau lan muntatzaile legez, horreetako askotan gidoilarikide be bai. Asier ETA biok (2013) film luze dokumentalaren zuzendarikide, gidoigilekide, produkzinokide eta muntatzaile izan zan. Donostia Zinemaldiko Irizar Saria irabazi eban obra horrek. Miguel Ángel Llamas (Noain, Nafarroa. 1980) ikus-entzunezkoen produkzinorako goi-mailako teknikaria da eta Ahotsa.info egunkari digitalean egiten dau lan gaur egun.

Irizar saria irabazteko aukerea dauka Non dago Mikel? filmak.

Hitzordua: irailaren 22a, Principe, 2 Aretoan, 19:30ean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu