Durangon, Zarautzen eta Zaldibarren hasiko da Udagoieneko Mendi Tourra

Bizkaie! 2020-09-22 10:47   Zinemea

Irailaren 24an, Durangoko San Agustin Kulturgunean (19:00) da lehenengo hitzordua.

Udako eskaintza Iruñean arrakastaz zarratu ostean, hemen da Mendi Tour-aren Udagoieneko egutegia zabaltzeko eskaintzea. Mendia, abenturea, muturreko kirolak eta natura gaiei buruzko pelikula onenak Durangon, Zarautzen eta Zaldibarren gozau ahal izango dira datozen egunetan.

Irailaren 24an, Durangoko San Agustin Kulturgunean (19:00), Kirolene Kirol Irakaskuntzen ikastetxe publikoaren eta Durangoko Udalaren babesari esker eskainiko dira hiru pelikula saio bakarrean: Harria Herria lan euskalduna eta 2019ko Mendifilm jaialdian sarituak izan ziran Climbing Blind eta Home.

Sarrerea 2 euroan eskuratu daiteke. Aurresalmentea Durangoko Museoan egiten dabiz eta proiekzinoaren egunean bertan 18:00etan zabalduko dabe San Agustin Kulturguneko txarteldegia (San Agustinalde kalea, 12).


Urriaren 1ean eta 8an, barriz, Zarautzen eta Zaldibarren egingo dira Mendi Tour saioak, bietan laugarren edizinoa betez

Zarautzen Pagoeta Mendizale Alkartea eta Udaleko kirol departamentua dira babesleak eta saioak Modelo Aretoan eskainiko dira (20:00). Bideolan produkzino etxe zarauztarraren Elur Goritan da programautako pelikuletako bat eta bertako Iker Larrañaga eta Jon Goikoetxea izango dira lanaren Zarauzko estreinaldia aurkezten. Horrezaz gan, pelikula bikainak programau ditue: mundu guztian sariak irabazten dabilen Cholitas emakume indigena boliviar mendizaleen istorioa, Hans Kammerlander alpinista handiari buruzko Manaslu lan ederra, Nebula Mendifilmeko film labur onena eta Harria Herria. Sarrerak, bakotza 5 euroan, saio egunean bertan eskuratu ahal izango dira aretoko txarteldegian bertan.

Zaldibarren bertako Eleizateko Udala da Mendi Tourraren babesle nagusia. Saioak, aurreko urtean bezela, Zaldibarko Liburutegi Zaharrean eskainiko dira (18:30). Mendifilmen saritutako Nebula eta Home pelikulez batera, sail ofizialeko parte izan ziran Harria Herria, Allein (Alone) eta The Undamaged pelikulak programau ditu, eskalada, alpinismoa, piraguismoa edota argazkilaritza gaiak nabarmenduz.

Udabarrian egitekoak ziran Zarautz eta Zaldibarko proiekzinoak, baina Covid-19aren pandemiari aurre egiteko neurriakaz bat eginez bertan behera itxi ziran. Orain, osasun neurri eta berme guztiak ziurtatuta, aurrera egiteko moduan dira, mendiko zinemearen zaleentzat eta kalidadeko lanak gustuko dituanentzat askatasun haizea eta inspirazinoa ekarriz.

Urrian bertan, Mendi Tourrak beste geltoki bi be izango ditu: Sopelan, urriaren 22an, eta Markina-Xemeinen. urriaren 25ean.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu