Mendiko pelikulen Iruñako Mendi Tour zikloak 900 ikusle batu ditu

Bizkaie! 2020-09-21 08:00   Zinemea

Hurrengo hitzordua, irailaren 24an, Durangoko San Agustin Kultur Gunean izango da.

Cines Golem eta BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia Festibalaren eskutik Iruñako Mendi Toureko proiekzinoak sano erantzun handikoak izan dira: 900 ikuslek gozau ditue, lau egunez, mendia, abenturea, muturreko kirolak eta natura gaien inguruko pelikula barrienak eta puntakoenak, Bilbon igazko festibalean gehien nabarmendutakoak. Iruñako igazko Mendi Tour edizinoagaz konparauta % 20 bajau da ikusle kopurua, beraz azken datua oso ona da, zinemetako aretoen edukierea % 60 murriztuta dagoala kontuan hartuta eta aurtengo egoera berezi honetan ekitaldia udabarriko jatorrizko hitzorduetatik uda amaierara pasau behar izan dala aintzat hartuta.

Osasun neurri eta berme guztiei eutsiz, ikusleetzat inspirazino iturri izan da mendiko zinemagintzea. Danetara, 9 pelikula izan dira zikloan: nabarmentzekoak dira poloniarren 2018ko K2ko neguko espedizinoaren kontakizuna dakarren Ostatnia Gora-The Last Mountain Krzysztof Wielicki, Denis Urubko eta Adam Bielecki handiak protagonista dituana; Climbing Blind Alastair Lee zinemagile britainiar entzutetsuaren lana, Jesse dufton eskalatzaile itsua protagonista dauena; Superhombre, Nafarroan hain kuttuna dan Horia Colibasanu alpinista errumaniarrari buruzkoa, Iñaki Otxoa de Olzaren erreskate saiakeran eragile nagusia izan zana; edota Hans Kammerlander alpinista tiroldar handi eta aldi berean iskanbilatsuaren biografia lana, Manaslu.

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia Festibalak eta Cines Golem-ek bat egin dabe barriro ekitaldi hau antolatzeko. Zinema eskaintza erakargarriaren aldeko apustuan eskutik doaz bata eta bestea. Bilbon, Mendi Filmeko saioak hartzen ditu Golemek Azkuna Zentruko zinemetan. Aldi berean, Iruñako Mendi Tourraren laguntzailea da Skimetraje Play Pyrenees, Piriniotako eski eta snow film laburren jaialdia, Mendi eta Eskalada Kirolen Nafar Federakundea, eta Poloniako Kultura Institutua Madrilen.

Udako zikloa modu ezin hobean amaitu dau Mendi Tour 2020ak. Datorren astetik aurrera indarbarrituta ekingo deutso udagoieneko denporaldiari (Irailaren 24an, Durangoko San Agustin Kultur Gunean), beti be iparra BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren 13. edizioan jarrita (abenduaren 4tik 13ra).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu