62. Zinebik badauka kartela

Bizkaie! 2020-09-16 12:32   Zinemea

Eider Corral diseinugile grafiko eta arte-zuzendariak egin dau.

Corralen irudiak aditzera emoten dau errealidadea surrealistea danean fikzinoak baino ezin emon leikiola zentzuna. Azken edizinoetan ohikoa dan legez, bertoko artistak arduratzen dira lehiaketako irudia sortzeaz. Aurten, pandemiak eraldatutako errealidadeari buruzkoa da. Garagarrilean, The New York Times Magazine aldizkariak zenbaki berezi bat plazaratu eta bertan adierazo eban errealidadea surrealista danean fikzinoak baino ezin leikiola emon zentzuna; sensazino horrek inspirauta eta errealidadea eta fikzinoa alkar hartuta bizi diran lekuetan jopuntua jarrita, Corralek hau adierazo dau: Bilboko kaleetara urten dot, personak urian alkarregaz barriro aurrez aurre topetan diranean subertau leitekezan gorabeherak ikusteko.

Zemendiaren 13tik 20ra egingo dan Zinebi, Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiko 62. edizinoaren kartelean, La Salveko zubiko eguneroko errealidadearen zenbait irudi erabilten dira; irudi horreen bidez, errealidadearen erregistro dokumentalari esker eta kontakizun bat ardatz hartuta, irudi grafiko bat sortu dau, close-up baliabidearen bidez birus-distopiako urte honi lotutako istorioak, fantasiak eta gomutak iradokitzen dituana.

 

Eider Corral

Diseinugile grafikoa eta arte-zuzendaria da. Komunikazinoan lizentziau zan Euskal Herriko Unibersidadean. Gero, bere lehenengo ikerketeari ekin eutson, musikeari eta kultureari lotutako proiektuak landuz.

Zenbait urte Bilbon lanean emon ondoren, Bartzelonara joan zan: han diseinu grafikoa ikasi eta tipografian espezializau zan. Bertako zenbait estudiotan ibili ondoren (Martí Guixé diseinugile ohiagaz egindako lana nabarmendu behar da), diseinugile independente bihurtu eta ibilbide luze bati ekin eta hainbat artista ezagutu zituan: Christina Rosenvinge, Martirio, Sílvia Pérez Cruz eta, oraintsu, El Columpio Asesino. Blue Note eta Deutsche Grammophon diskoetxeakaz kolaborau dau. Kolaborazinorik barrienak Sternberg Press argitaletxe berlindarragaz eta Columbiako Unibersidadeagaz izan dira. Orain, alkarte eta proiektu kulturalen aholkulari dabil.

Corralen diseinuetan, erreferentziaz beteak, arreta berezia jarten dau tipografian: haren bidez, atmosferak eta esanahiak artikuletan ditu: “Gurago dot iradoki, esan baino. Eta nire proiektu artistikoen diseinuan eta komunikazinoan, mezuen hartzaileak osotu behar dau lana”, adierazo dau.

Bilboko Udalak, Zinebi – Bilboko Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdia antolatzeko, Eusko Jaurlaritzearen, Bizkaiko Foru Aldundiaren, eta Kultura eta Kirol Ministerioko Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren (ICAA) laguntzinoa jasoten dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu