Mendi Tour zikloa Iruñean
2020-09-09 08:48 ZinemeaIrailaren 14tik 17ra izango dira proiekzinoak.
Cines Golem eta BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia Festibalaren eskutik, Iruñean ikusi ahal izango dira, beste urtebetez, mendia, abenturea eta natura gaien inguruko pelikula barrienak eta puntakoenak, Bilbon igazko festibalean gehien nabarmendu ziranak.
Mendi Tourrak 5. edizinoa dau Nafarroako uriburuan eta aurtengoa berezia izango da. Martian egiten da kultura ekitaldi hau, baina aurten ezustean etorri jakun covid-19 eta horrek bazterrak astindu eta larrialdi egoerea indarrean jarri barritan bertan behera ixti eben. Orain, osasun neurri eta berme guztiak ziurtatuta, aurrera egiteko moduan da eta, beraz, irailaren 14tik 17ra egingo da Mendi Tourra.
Sarrerak Golem plataforma digitalean eskuratu daitekez, baita leihatilan be, saioko 6na euroan. Lau egunetako abonua be eskuratu daiteke leihatilan, 20 euroan. Lau egunez, bina saio eskainiko dira Golem Baionan, lehenengoa 17:30ean eta bigarrena 20:30ean.
9 pelikulek osotzen dabe egitaraua
Poloniarren 2018ko K2ko neguko espedizinoaren kontakizuna egiten dauen Ostatnia Gora-The Last Mountain Krzysztof Wielicki, Denis Urubko eta Adam Bielecki handiak protagonista dituana. Mendifilmen sari bi irabazi zituen: Mendiko Film Onena eta Zuzendari Onena.
Climbing Blind Alastair Lee zinemagile britainiar entzutetsuaren lana, Jesse Dufton eskalatzaile itsua protagonista dauena. Mendifilmen Eskaladako Film Onena saria irabazi eban.
Superhombre, Nafarroan hain kuttuna den Horia Colibasanu alpinista errumaniarrari buruzkoa, Iñaki Otxoa de Olzaren erreskate saiakeran eragile nagusia izan zena.
Hans Kammerlander alpinista tiroldar handi eta aldi berean polemikoaren biografia lana, Manaslu. Mendifilmen Ikusleen Saria irabazi eban.
David López 'Campe' zuzendariaren lan bi: La Pedriza eskalada eremu madrildarreko historia jorratzen daben De Locos Ignacio Mulerogaz eta Sense Retorn Mont-rebein eskalada tradizionala ardatz dauen pelikulea, tartean Siebe Vanhee eskalatzaileagaz.
Nebula, Reuben Krabbe argazkilariaren muturreko erronken inguruan.
The Undamaged, Baltikoko ibaietan presagainak egitearen kontrako aldarria, piraguetako jarduerea ardatz hartuta.
Harria Herria lan euskalduna, Dimegaz Kultur Alkarteak sortua, jantza bertikala, harria, hizkuntzea eta herria bertso musikatuan jasoz.
BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia Festibalak eta Cines Golem-ek bat egin dabe barriro ekitaldi hau antolatzeko. Zinema eskaintza erakargarriaren aldeko apustuan eskutik doaz bata eta bestea. Bilbon, Mendi Filmeko saioak hartzen ditu Golemek Azkuna Zentruko zinemetan. Aldi berean, Iruñeako Mendi Tourraren laguntzailea da Skimetraje Play Pyrenees, Piriniotako eski eta snow film laburren jaialdia, Mendi eta Eskalada Kirolen Nafar Federakundea eta Poloniako Kultura Institutua Madrilen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!