Gidatutako sei ibilbide Zallako ondare arkitektoniko aberatsa ezagutzeko
2020-07-07 11:00 KultureaLehenengo ibilbidea garagarrilaren 11n izango da, La Herrera-Ijalde inguruan.
Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen esku dagoan Enkarterri Museoak eta Zallako Udalak lankidetzarako proiektua hasiko dabe zapatu honetan, garagarrilaren 11n, gidautako dobako sei ibilbideren bitartez Zallako ondare arkitektoniko garaikidea ezagutzera emoteko. Lankidetza hori, azken urteetan Batzar Nagusiek eta Enkarterriko Museoak Gorka Pérez de la Peñaren eskutik arkitektura garaikidearen inguruan gauzatu daben ikerketa proiektuaren jarraipena da.
Gorka Pérez de la Peña Oleagaren Azterlan-Inbentarioa: Enkarterriko Arkitektura Garaikidea (1870-1975) lanaren eta Enkarterri. 1870-1975. Arkitektura garaikidearen distira liburuaren egilea izango da, hain zuzen be, datorren zapatuan hasiko diran bisitak gidatuko dituana. Datorren zapatuan La Herrera-Ijalde inguruko altxor arkitektonikoak jarriko ditu balioan, ordu bi eta erdi inguru iraungo dituan ibilbidean. Hitzordura joateko beharrezkoa izango da aurretik museoaren webgunean (www.enkarterrimuseoa.eus) izena emotea eta maskarea eroan beharko da. Gehienez 30 lagunek hartu ahal izango dabe parte.
Goizeko 10:00etan hasiko dan ibilbidea estilo neo-euskalduneko Taramonako Eskoletan hasiko da. Manuel de Taramona industria-gizonak agindu eutsozan Ricardo de Bastida arkitektoari 1924an. Bertatik, taldea, 1896an Vicente Gorbeñak estilo eklektikoan egin eban tren geltokira joango da; gero, 1822an estilo neoklasikoan berreregi zan Santa Isabel eleizara; estilo eklektikokoa dan, Ángel Galíndezek 1895ean eregi eban eta, hori be, Manuel de Taramonak finantziau eban hilerrira; eta Jesús Urrutia injineruak 1899an ontziola zahar batean eregi eban La Mella Hidroelektrikeara. Gorka Pérez de la Peñak 1894an sortu zan Berun Fabrikearen zehetasun guztiak emongo ditu eta Urrutia jauregiak eta San Antonio baseleizeak osotzen daben moltso monumentala barriztetako lanen erreferentzia txikia egingo dau. Azken horreek biak XVII. mendearen bigarren erdialdekoak dira.
Oraindino egunik ez daukien beste bost ibilbideek Mimetiz, Gallardi-Llantada eta Aranguren inguruak La Papelera lantegia eta Sollanoko ur araztegia hartuko ditue.
Informazino gehiago: 94 650 44 88 / 94 610 48 15
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!