Miren Agur Meabek irabazi dau Mikel Zarate saria
2020-07-02 12:41 KultureaLekeitiarrak idatzitako Itsasoaren atea nobelea saritu dau epaimahaiak.
2020ko Mikel Zarate ume literatura sariko epaimahaiak, Leire Bilbaok, Julen Gabiriak eta Xabier Mendigurenek osotutako epaimahaiak, hartu dau erabagia eta Meabe and.ak eroango dau 3.000 euroko saria. Liburua, barriz, Elkar argitaletxeak kaleratuko dau.
Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu eben sariketa hau, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzatzaile handi izandako Mikel Zarateren omenez eta hamaikagarren ekitaldia izan da aurtengoa. Lur Gallastegik irabazi eban orain urte bi eta epaimahaiak hutsik itxi eban saria igaz.
Hogeita bi lan lehiatu dira guztira, maila handikoak horreetako dozena erdi bat eta horien artean Meabek idatzitako eleberria hautatu dau epaimahaiak.
Itsasoaren atea izeneko istorio honek XIX. mendera erpango gaitu, Atlantikoan kokaturiko Île Cormoran edo Ubarroien ugarte asmautako batera eta hor hainbat abentura kontetan ditu: amodio debekatuak, pasadizo sekretuak, iges egindako espetxeratuak, iragarletzearen dohaina daben andrazkoak, gorrotoak eta misterioak... Literatura erromantikoaren gaiak. Kontakizunaren hari guztiak bikain josteko abilezia azpimarratu dau epaimahaiak eta hizkuntza jori, dotore eta adierazkorra.
Miren Agur Meabe Plaza Lekeition jaio zan 1962an. Irakasletzea eta Filologia ikasitakoa da, irakasle lanetan eta editore jardundakoa, gaur egun idazle dabil. Entzute handiko egilea da, sari ugari irabazitakoa, bai helduentzat bai umeentzat be eta bere azken liburuak izan dira Hezurren erretura (ipuinak, helduentzat) eta Begiak zerumugan (poemak, umeentzat).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!