Zangozan eta Donostian hasiko da 2020ko Mendi Tourra
2020-01-23 11:57 ZinemeaZangozan, bariku bitan izango dira proiekzinoak, hilaren 24an eta 31n, Karmengo Entzutegian (20:00).
Mendi Tourraren 10. edizinoa, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiko pelikula onenak erakusten dituan zikloa, Zangozan eta Donostian hasiko da.
BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia abenduan egiten da eta Mendi Tourrak urte osora zabaltzen dau mendia, abenturea, muturreko kirolak, naturea eta ingurumen gaien inguruko zinemagintzaz gozetako aukerea. Igaz, 2019an, esaterako, 50 uri eta herritan aurkeztu ziran filmak, Euskadi eta Nafarroaz batera, Errioxa, Kantabria, Asturias, Galizia, Gaztela eta Leon, Madril, Extremadura, Andaluzia, Valentzia, Katalunia, eta Aragoin.
Igazko Mendi Film-eko pelikula sarituen mailea, bikaina da, beraz 2020ko Mendi Tourrak osogarri ezin hobeak ditu ikusleentzako:
- Bilbon Sari Nagusia irabazitako Treeline pelikula hunkigarria.
- Epaimahaiaren Saria eta jentearen maitasuna irabazi zituan Cholitas Boliviako emakume mendizaleen istorioa zinema-areto komertzialetan emoten hasiko dira Iruñea eta Bilboko Golem-etan, urtarrilaren 24an.
- Jesse Dufton eskalatzaile itsuaren balentriak erakusten dituen Climbing Blind Eskaladako Film Onena.
- Reuben Krabbe argazkilariaren erronka itzela kontatzen duen Film Labur Onenaren saria irabazitako Nebula.
- Euskal kulturea eta jantza bertikala buztartzen dituan Harria Herria film poetikoa.
Zangozan, bariku bitan izango dira proiekzinoak, hilaren 24an eta 31n, Karmengo Entzutegian (20:00); Kirol Patronatuaren bidez, Zangozako Udala da Mendi Tourraren sustatzailea.
Donostian, barriz, udabarriko ohiko datak aurreratu egin dira urtarrilera, eta datorren martitzenean eta eguaztenean, hilaren 28an eta 29an, egingo dira saioak Antzoki Zaharrean (19:30). Donostiako Udala Donostia Kultura bidez, eta Club Vasco de Camping Alkartea dira sustatzaileak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!