Bizkaia zientziaren erdigune izango da irailean
2017-08-02 10:48 KultureaBizkaia Zientzia Plazaren lehenengo edizinoa irailaren 14tik 24ra bitartean egingo da.
EHUren Kultura Zientifikoko Katedreak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta dator zientzia dibulgazinoaren programazino zabal hau. Guztira, zazpi ekitaldi edo ziklo batuko ditu Bizkaia Zientzia Plaza izeneko ekimen barriak. Halandabe, egitarauko hitzorduetako batzuk lehendik be antolatzen izan dira, Naukas biltzarra eta Jakinduriek Mundue Erreko Dau bertso-saioa esaterako.
Erregistro barritzaileak eta erakargarriak erabilita, gai zientifikoen dibulgazinoa gizarteratzea eta jarduera zientifikoaren barri emotea da asmoa. Berbaldiak, tailerrak, ikuskizunak eta bakarrizketak egongo dira, besteak beste. Edade guztietako jentearentzako aproposa izango da egitaraua.
Naukas Bilbao topaketearen zazpigarren edizinoa izango da Bizkaia Zientzia Plazaren ekitaldi nagusietako bat. Espainolezko zientzia-dibulgazinoaren ekitaldirik handiena da Naukas, antolatzaileen arabera. Euskalduna Jauregian egingo dabe, irailaren 15ean eta 16an. Era berean, ume eta gazteei zuzenduta, Naukas Kids be antolatuko dabe, hilaren 17an, Euskaldunan bertan. Naukas Pro, ostera, 14an egingo da eta ikertzaile zein adituek euren azterlanak azalduko ditue.
Beste alde batetik, Ciencia Show dalakoa gazteentzako ekitaldiz beteta egongo da, besteak beste, Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako bakarrizketa zientifikoen lehiaketako finala jokatuko da, hori be Euskaldunan.
Bestetik, EHUk Bilboko Abandoibarra pasealekuan daukan Bizkaia aretoan, Scenio izeneko jardunaldia antolatuko dabe irailaren 17an. Bertan, zientziaren alderik sortzaileenagaz esperimentazinoan ibiliko dira parte-hartzaileak: tailerrak, bideojokoen erakustaldiak, youtuberrak, diseinatzaileak eta abar.
Irailaren 18tik 20ra Science +, zientzialari eta ikerlari gazteen biltzarra hartuko dau EHUren aretoak. Besteak beste, Bizkaia Talent programearen laguntzinoa dauka topaketa horrek.
Zientziaren dibulgazinoagaz lotutako programazino zabala biribiltzeko, ekitaldiak Bizkaiko beste herri batzuetara helduko dira Jakinduriek Mundue Erreko Dau bertso-saio bereziaren bidez. Kike Amonarriz gai-jartzaile dala, zientzia eta bertsoa buztartuko ditue. Ikertzaileek eta bertsolariek igongo dabe oholtzara; irailaren 21etik 24ra egunero saio bat egongo da, Ondarroan, Getxon, Igorren eta Bilbon, hurranez hurran.
Foru Aldundiak azaldu dauenez, ekitaldi guztiak dobakoak dira. Dana dala, Naukas Kidseko tailerretan parte hartzeko eta Science +-eko berbaldietara joateko aurretik izena emon behar da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!