Kirmen Uribe Iowako unibersidadearen egonaldi baterako aukeratu dabe

Bizkaie! 2017-08-02 08:15   Kulturea

International Writing Program dalakoaren barruan, erresidentzia egingo dau Estadu Batuetan, Etxepare Euskal Institutuak azaldu dauenez.

Kirmen Uribe (argazkia: Etxepare) | Ikusi handiago | Argazki originala

Iowako unibersidadearen programea osotu eta aberasteko asmoz, nazinoarteko idazleek egonaldiak egingo ditue han abuztuan eta irailean. Mundu guztiko idazleak aukeratu ditue eta tartean dago Kirmen Uribe euskalduna. Etxepare Institutuaren babesari esker joango da Ondarroako idazlea Iowara.

Etxeparek berak azaldu dauenez, International Writing Program, edo IWP, mundu osoko idazleak lotzen dituan espazio literarioa da, nazinoarteko literaturea ikasgeletara eroaten dauena. Idazle estadubatuarrak beste kultura batzuetako ordezkariei aurkezten deutsiez, eta literaturearen inguruko informazino zentroa be bada. 1967tik hona, 150 herrialdetako 400 idazle baino gehiagok egin ditue egonaldiak Iowan.

IWPk klaseak eta tour diralakoak antolatzen baditu be, bere programa nagusia idazleen erresidentziak dira. Idazle egonkortu zein barriei zuzenduta dagoz eta hainbat arlotako parte-hartzaileak dagoz: poetak, fikzinoaren arlokoak, ez-fikzinoa lantzen dabenak, antzerkigileak eta abar. Aurten, tartean izango da Kirmen Uribe, izan be, Bilbao-New York-Bilbao eta beste hainbat obrari esker ezaguna da eta bere lanak 14 hizkuntzatara itzuli dira.

Erresidentziak literatura obrak sortzeko denporea eskaintzen deutse idazleei. Era berean, Estadu Batuetako sare kulturaletan sartzen ditu, bertako unibersidadeetako bizimodua hurretik ezagutzeko aukerea emonaz, eta unibersidadearen zein beste erakunde batzuen kursoetan parte hartu leikie.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu