Pirinioetan eta Bizkaian ibiliko da Euskal Selekzinoaren Aldeko Mendi Martxea
2017-06-14 08:08 KultureaGaragarrilaren 29an hasita, lehenengo partea Donaixtitik Orhira bitartean izango da eta, bigarrena, Arrankudiagatik Santurtzira.
Euskal Selekzinoaren Aldeko Mendi Martxea ohiturazko hitzordu bihurtu da uda guztietan. Dozenaka parte-hartzaile Euskal Herriko mendietan ibilten dira urtero eta aurten be ez da salbuespena izango, garagarrilaren 29tik abuztuaren 5era.
Martxearen 17. edizinoak nobedadea dakar: Zati bi izango ditu, Euskal Herriaren mutur banatan. Lehenik eta behin, garagarrilaren 29tik abuztuaren 1era, Donaixti herritik Orhiko tontorrerako bidea egingo dabe ibiltariek etapaka. Azken lau egunetan, ostera, Arrankudiaga eta Santurtzi bitarteko bidea egingo dabe. Guztira zortzi etapako zeharkaldia da eta egunero 7-8 ordu ibiliko dira. 20 km-tik gorako etapak izango dira eta, lotarako, herrietako polikiroldegi, eskola eta antzekoak erabiliko ditue.
Antolatzaileek era askotan lagunduko deutsie ibiltariei. Gauza pisutsuenak kamioi baten eroateko aukerea egongo da eta etapa guztien amaieran dutxea hartzeko modua emongo dabe. Gosaria eta biderako frutea be, antolatzaileen esku egongo dira.
Izena emoteko epea zabalik dago. Hainbat aukera eta prezio dagoz. Martxa osorako, erdirako zein egun solteetarako emon ahal da izena, eta afaria eskatzeko modua be badago. Lehenengo egunean autobusak ipiniko ditue antolatzaileek, Bizkaitik eta Gipuzkoatik Donaixtira joateko.
ESAITen ekimenez hasi ziran 2000. urtean Euskal Selekzinoaren Aldeko Martxea antolatzen eta, ordutik, behin be ez dabe hutsik egin. Izenak dinoan legez, Euskal Herriko kirol selekzinoen ofizialtasunaren aldeko aldarria lau haizetara zabaltzea da helburu nagusia. Ganera, kirola eginaz, Euskal Herriko zazpi herrialdeak ezagutzeko aukerea emoten dabe. Aurtengo leloa, Euskal Selekzioa martxan, ekitik burnira ofizialtasuna! izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!