Truke artistikorako sarea sortu nahi dabe Bilbok eta Linz-ek

Bizkaie! 2017-06-13 13:30   Kulturea

Azala berrituz programearen barruan, Bilboko sei artista Austriako Linz urira joango dira hurrengo asteetan.

Argazkia: Bilboko Udala | Ikusi handiago | Argazki originala

Goizeon aurkeztu dabe Azala berrituz proiektu kulturala Bilboko udaletxean. Nekane Alonso Kultura zinegotzia eta Txema Agiriano artean aditua egon dira bertan. LinzImport programearen barruan, Austrian, erakusketea ipiniko dabe sei artista bilbotarrek eta aukera hori aprobetxau nahi dau Bilboko Udalak uri bien arteko hartu-emonak estutzeko. Linzen eta Bilboren arteko sare kultural iraunkorra sortzea da asmoa.

Beraz, bagilaren 18tik garagarrilaren 8ra bitartean, Bilbon bizi diran sei artista esperimental Linzera joango dira. Danak dira emakumeak: Karla Tobar, Amaia Vicente, Laurita Siles, Blanca Ortiga, Saray Pérez Castilla eta Sandra Quintanilla. Artean, musikan eta praktika esperimentaletan uri bien artean dagozan antzekotasunak aztertuko ditue.

Ganera, egonaldi horretan, artistek eta Txema Agiriano komisarioak Linzen eta Bilboren arteko lotura postindustrialak esplorauko ditue. Hausnartzeko, ikertzeko eta sortzeko denporea izango dabe. Artista bakotxak hainbat jardueratan parte hartuko dau: tailerrak, aurkezpenak, trukeak bertako sortzaile eta eragileakaz... Egonaldiaren ardatza Azala berrituz erakusketea izango da. Austria Garaiko Arkitektura Foroan egongo da ikusgai, bagilaren 28tik garagarrilaren 8ra.

Egonaldi artistikoaren ondoren, Bilboko eta Linzeko eragileen arteko lankidetzarako eta kultura-trukerako sarea sortzea da asmoa. Truke hori iraunkorra izatea nahi dau Bilboko Udalak. Linzeko eta Bilboko udalakaz batera, Austria Garaiko Arkitektura Foroa, DorfTV eta Radio FRO dira egitasmoaren babesleak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu