Bilboko Arte Eder Museoko bilduma iraunkorra doban ikusi ahal izango da egunero
2017-06-13 08:46 KultureaOrain arte, eguazten goizean eta domeka arratsaldean doban sartzeko modua egon da, aurrerantzean egunero 18:00etatik 20:00etara.
Aldaketak egingo ditu Bilboko Arte Eder Museoak, bisitariei bere bildumako artelanak hobeto erakusteko asmoz. Bilduma iraunkorra doban ikusi ahal izango da, egunero, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Martitzenetan izan ezik, egun horretan museoa zarratuta egoten dalako.
Ganera, aldi baterako erakusketetako prezioak be merkeagoak izango dira ordu tarte horretan. Prezio normala 9 euro da, baina 18:00etatik 20:00etara 7 euro pagauta ikusi ahal izango dira museoko unean uneko erakusketa guztiak. Bilboko Arte Eder Museoko arduradunek ohartarazo dabenez, egunaren ganerako orduetan (10:00-18:00) ohiko salneurriei eutsiko deutsie, hau da, sarrera arrunta 9 euroan.
Bingen Zupiria sailburua bertan zala, Bilboko Arte Eder Museoaren Patronatuak batzarra egin eban atzo eta bertan erabagi eben aldaketea. Urtarrilaren 1etik museora sartzea dobakoa izan da eguazten goizetan eta domeka arratsaldeetan, baina ilara luzeak sortzen izan dira tarte horreetan. Horregaitik, dobako ordutegia beste era batera antolatzea beharrezkotzat jo dau Patronatuak.
Miguel Zugaza zuzendariak egindako proposamena izan da aldaketearen eragile nagusia. Madrilgo Pradoko arduraduna zanean, han be antzeko sistema bat ezarri eben eta emoitza onak emon ditu. Atzoko batzarrean onartu eben aldaketea eta indarrean sartuko da laster.
Patronatuko kideek azaldu dabenez, udan jente asko espero dabe museoan eta tarifen antolaketa barriagaz hobeto banatuta helduko dirala uste dabe. Ganera, aurreko sistemeagaz baino dobako ordu bi gehiago egongo dira astero.
Garagarrilean, ganera, publiko asko erakarriko dauen beste erakusketa bat helduko da Bilboko Arte Eder Museora, Alicia Koplowitzen bilduma pribaduko obrena hain zuzen. Dobako egun bereziak antolatzea ez dau baztertzen museoko zuzendaritzeak, bisitariei erraztasunak emoteko.
Petronor Bilboko Arte Eder Museoa Fundazinora Patrono legez sartu da
Patronatora sartzeaz gan, lankidetza-akordioa sinatu dabe Alicia Koplowitz–Grupo Omega Capital Bilduma erakusketea babesteko.
Bildumako lehenengo obra garrantzitsu legez, Anselm Kieferren Le Dormeur du val (2014) aurkeztu dabe, eta arte garaikidearen aretoetan egongo da ikusgai, erakusketea inaugurau arte, hau da, garagarrilaren 27ra arte.
Patronatua museoko gobernu-organoa da, eta horren parte dira erakunde sortzaileen ordezkariak –Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzea–, beste zenbait erakundegaz batera. Gaur egun, 10 erakunde dabiz bertan ekarpenak egiten, 3 patrono instituzionalez gan. Euren helburua da Bilboko Arte Eder Museoa osotzen daben elementuak sustatzea eta garatzea.
Aurkezpen ekitaldian izan dira: Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazinoaren Patronatuko presidentea; Emiliano López Atxurra, Petronorreko presidentea; Almudena Ros, Alicia Koplowitz–Grupo Omega Capital Bilduma erakusketako komisarioa; eta Miguel Zugaza, Bilboko Arte Eder Museoaren zuzendaria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!