Bilboko Guggenheim Museoaren 'Artea ikasbide' programeak 20 urte bete ditu

Dabi Piedra 2017-06-12 12:27   Kulturea

Lehen Hezkuntzako umeek euren proiektu artistikoak sortzen ditue eta ikasgelan ikasitakoa indartzen dabe egitasmo horren bidez.

Larrea ikastetxeko ikasleak, Jorge Rubio artistea, irakasleak eta Guggenheimeko arduradunak | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbon Guggenheim Museoa zabaldu eta gitxira hasi zan martxan Artea ikasbide programea, 1998an. Ordutik, Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat ikastetxetako 3.000 neska-mutil inguruk parte hartu dabe. Aurten, 20. urteurreneko ikasturtean, sei eta hamabi urte bitarteko 113 ikasle ibili dira artearen bidez ikasten, irakasle eta artisten laguntzinoagaz. Euren sorkuntza artistikoak ikusgai dagoz museoko hezkuntza gunean, irailaren 17ra arte.

Artea ikasbide programeak prozesu artistikora hurreratzen ditu umeak. Artelan bat zelan sortzen dan ikasten dabe. Beste alde batetik, beste ikasgai batzuetan ikasitakoa sendotzen dabe, talde bakotxaren proiektua kurso horretako edukiakaz lotuta dago eta. Holan, olgetearen eta sorkuntzearen bidez, modu dibertigarrian lantzen dabe eskolako kurrikuluma.

2016-17 ikasturtean, sei ikastetxek parte hartu dabe programan, 113 ikaslek guztira. Normalean, urtetik urtera txandakatu egiten dira eskolak. Aurten Gasteizko Abetxuko Ikastolea, Barakaldoko Larrea eskolea, Basauriko Soloarte ikastetxea, Bilboko Tomás Camacho ikastetxea eta Donostiako zentro bi (Mendiola eta Altza) egon dira.

Sei artistak lagundu deutsie neska-mutilei: Iñaki Graceneak, Naia del Castillok, Maider Lópezek, Manu Muniategiandikoetxeak, Jorge Rubiok eta Ixone Sádabak. 20 urtean ez dogu proiekturik errepetidu, talde bakotxaren beharretara egokitzen gara, azaldu dau Jorge Rubiok. Ikasturtean landutakoa Guggenheimen dago orain, baina Rubioren esanetan, garrantzitsuena horra heltzeko bidea da.

Izaskun Garrote, bestetik, Zeberioko Zubialde eskolako irakaslea da. Aurten ez, baina aurretik bi bider parte hartu dau ikastetxe horrek. Askotan, artea bigarren mailako gauza bat izaten da eskoletan, horregaitik, honen moduko egitasmoak behar dira, adierazo dau. Ganeratu dauenez, Zeberioko neska-mutilentzat esperientzia aberasgarria izan zan; 2000-2001 ikasturtean New Yorkeko ikasle batzukaz alkartrukea egin eben eta, aurrerago,. 2012-2013an, ostera, Europako bost ikastetxegaz hartu-emonetan ibili ziran.

Amerikako ikasleakaz alkartrukea aurten be egon da. Naia del Castillo eta Jeff Hopkins artisten eskutik, Bilboko Tomás Camacho eskolako neska-mutilek Manhattango PS38 ikastetxearen barri izan dabe. Artearen eremua gainditzen dauen trukea dala azpimarratu dabe museoko arduradunek.

Orain arte Artea ikasbide egitasmoak izan dituan 20 edizinoetan, 139 ikastetxetako ia 3.000 ikaslek, 214 irakaslek eta 28 artistak parte hartu dabe. Bilbon 1998tik egiten da, baina jatorria New Yorkeko Guggenheim museoan dago, 1970eko hamarkadan egiten hasi ziran programan, hain zuzen be.

Abetxuko ikastetxeko neska-mutilak, lanean (argazkia: Guggenheim Museoa)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu