Surfari buruzko film laburren lehiaketea martxan da Sopelan

Bizkaie! 2017-06-12 11:42   Kulturea

Kosta Fest ekimenean parte hartzeko aukerea irailaren 3ra arte egongo da zabalik.

Hirugarren edizinoa dau Sopela Kosta Fest jaialdiaren barruan egiten dan film laburren lehiaketeak. Parte hartzea dobakoa da. Horretarako, Sopela Kosta Fest webgunean izena emon beharko da ikus-entzunezko laburren loturea ipinteaz batera. Baldintzak eta oinarriak webgunean bertan dagoz.

Aurkeztutako proposamen guztiek surfa eta naturea izan beharko ditue ardatz eta gehienez 30 minutu iraun ahal izango dabe. Produkzino sarituak irailaren 21ean, jaialdiaren lehenengo egunean, ekitaldi berezi baten proiektauko ditue pantailan. Webgunean be ikusi ahal izango dira filmok.

Sariei jagokenez, lanik onenak 500 euro jasoko ditu, 250 herriko egile onenak eta beste horrenbeste Taula Lila alorreko irabazleak; azken atal honek emakumeek sortutako ikus-entzunezkoak jasoko ditu eta honeek surfean daben presentziari garrantzia emongo jako, genero ikuspegitik, estereotipoak edo ikuspegi desbardinak apurtzeko asmoagaz.

Orain dala lau urte, Sopelan surfari eta natureari lotutako jaialdi hau ospatzen hasi ziran. Ordutik, Euskal Herriko eta kanpoko musika talde entzutetsu asko pasau dira oholtzatik: Zea Mays, Esne Beltza eta La Pulqueria esaterako. Horrezaz gan, film laburren lehiaketearen sari banaketea egiten da. Aurten irailaren 21etik 24ra ospatuko da ekimena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu