Sortzaileen eta uriaren arteko haria zabalduko dau Bilbao Art District-ek

Dabi Piedra 2017-05-16 13:25   Kulturea

Domekara bitartean, aste guztian jarduera ugari egongo dira, ekimenaren bosgarren edizinoan.

Bilbao Art Districten parte hartzen daben eragileetako ordezkariak, Alberto Salcedoren obrearen harien artean | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbao Art District arteen asteburua izan da orain arte, baina edizino honetatik aurrera, arteen astea deitzea aproposagoa izango da. Erakunde publikoek eta eragile artistikoek alkarlanean eratutako ekimen hori astebetera luzatu dabe. Nekane Alonso Bilboko Udaleko zinegotziaren arabera, hori da bosgarren edizinoko nobedade nagusietako bat. Beste barritasun bat da, profesionalak gehiago inpliketako ahalegina egingo dabela, eurakaz jarduera gehiago antolatuta.

Artea ezin da zirkuitu zarratua izan, danakana heldu behar da, azpimarratu dau Alonsok. Horregaitik, Bilbao Art Districtek kalera aterako dau uriko sortzaileen lana eta hartu-emonean jarriko ditu artistak eta herritarrak. Galeriak dira ekimenaren bultzatzaile nagusietako batzuk eta ateak parez pare zabalduko deutsiez bisitari guztiei.

Egitaraua astebetekoa izango dan ezkero, jarduera piloa egongo dira Bilbon egunotan. Mawa Tres artista eta Bilbao Art Districteko komisarioak azaldu dauenez, artea egunerokotasunagaz lotuta dago. Horregaitik, asteburuetako astialditik harago doan programazinoa egitea pentsau dabe.

Zabalguneko eraikina izango da Bilbao Art Districten erdigunea. Hori izango da aurtengo edizinoko bihotza, profesionalen topaketak egingo doguz, erakustaldiak eta abar, azaldu dau Nekane Alonsok. Alberto Salcedoren proiektu artistikoa ipini dabe hor: 10.000 metro hari erabilita, Bilboko sormen espazio guztiak lotuta dagozala edo lotu behar dirala aldarrikatzen dau instalazino berezi horretan. Art Districten helburua, hain zuzen, hori da, sarea sortzea, zehaztu dau Alonsok.

Beste eraikin enblematiko batzuetan be interbentzino artistikoak egongo dira. Esate baterako, Carola garabian oihal handi bat ipiniko dau Alex Duncan britainiarrak, Art Districterako beren-beregi sortua. Bestetik, Itsas Museoan El camino de la sirga obrea egongo da ikusgai, Bilboren nortasunari erreferentzia egiten deutsan instalazinoa. Interbentzino Artistikoen Deialdiko irabazlea da lan hori.

Horregaz guztiagaz batera, makina bat ekintza egongo dira, profesional zein herritarren aukeran: Erakusketak, topaketak, artistakaz alkarrizketak, arte sorkuntzak denpora errealean, tailerrak, bisita gidatuak eta abar. Egitaraua hemen ipini dabe (oraingoz gaztelaniaz baino ez).

Anbizino handiko proiektua da hau, estrategikoa, nabarmendu dau Alonsok. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari Andoni Iturbek ganeratu dau, Bilbao Art District egitasmo barritzailea dala: Horrek esan nahi dau, inork egin ez dauena egiten gabizala eta funtzionetan dauela. Aurten, eskaintza askotariko eta zabala dagoala azpimarratu dau Iturbek, sektore guztiek parte hartu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu