Parisko abangoardiak Bilbora ekarri ditu Guggenheim Museoak

Bizkaie! 2017-05-12 08:59   Kulturea

Paul Signac, Odilon Redon, Pierre Bonnard, Henri Toulouse-Lautrec eta beste hainbatek 1890eko hamarkadan egindako pinturak ikusgai, irailaren 17ra arte.

Paul Signac, 'Saint-Tropez, montagne des lices', 1895 (irudia: Guggenheim Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Guggenheim Museoak urteko erakusketa handienetako bat aurkeztu dau: Paris, mende amaierea: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak. Erakusketearen ardatza 19. mendearen amaierako Parisko giro artistikoa erakustea da, orduko abangoardien bidez. Batez be, Neoinpresionismoa, Sinbolismoa eta Nabien mobimendua aztertzen dira erakusketako 125 obren bidez.

Olioan eta pastelean egindako pinturak, marrazkiak eta grabaduak dagoz, besteak beste. Europako funts pribaduetatik ekarritako obra honeek 19. mendearen amaierako Frantziako artistarik ospetsuenek egindakoak dira.

Gorabehera politikoek, krisi ekonomikoak eta aldaketa kulturalak eragindako gizartea zan 1890eko hamarkadako Pariskoa. Horrek eragina izan eban artisten obretan. Euren aurreko abangoardien moduan, paisaiak, uri modernoa eta astialdia marraztu zituen, baina beste begirada bategaz. Ikuspegi introspektiboa, ia fantastikoa, emon eutsien euren lanari, bizitzako eszenak modu gordinean agertzen zituen.

Guggenheimeko erakusketan, hain zuzen, jokera artistiko horren arrazoietan eta bilakaeran sakontzen da, artista ospetsuen obren bidez. Sasoi gorabeheratsu haretako estetika eta teoria filosofikoak agirian geratzen dira, museoko arduradunen esanetan, eta 20. mendearen aurretxuan izandako jazoerak erakutsi.

Hiru aretotan dago erakusketea: 305.ean Neoinpresionismoko obrak dagoz. 306.ean, ostera, Sinbolismoaren barruan marraztutako obrak. Amaitzeko, 307. salea Nabien mobimenduari eta grabaduaren kultureari eskainita dago.

Irailaren 17ra arte egongo da zabalik Paris, mende amaierea: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak. Horrezaz gan, jarduera osogarriak antolatuko dira: Espres bisitaldiak, zinema eta musika proiekzinoak, ikastaroak, berbaldiak eta abar.

Maurice Denis, 'Apirila (anemonak)', 1891

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu