Burdinbidearen Euskal Museoak bat egin dau Museoen Nazinoarteko Egunagaz

Bizkaie! 2017-05-11 08:40   Kulturea

Jarduera ugari antolatuko dira Azpeitiko instalazinoetan, maiatzaren 14an eta 18an.

Hilaren 18an proiektauko dituen pelikuletako bateko irudiak (argazkia: Euskotren) | Ikusi handiago | Argazki originala

Maiatzaren 18a, eguena, Museoen Nazinoarteko Eguna izango da eta gure inguruko hainbat museo eta kultura zentrok bat egin dabe ospakizun horregaz. Esate baterako, Burdinbidearen Euskal Museoak. Euskotrenek bultzatutako museo horretan, Euskal Herriko trenen eta trenbideen historia batzen dira eta antxinako pieza ugari dagoz.

Asteburura, domekara, pasau dau Burdinbidearen Museoak ospakizunetako egitarauaren zati bat. Modu horretara, bisitarientzat Azpeitiko instalazinoetara hurreratzea errazagoa izatea nahi dabe arduradunek. CAF enpreseari eskainitako erakusketearen inaugurazinoa izango da egun horretako hitzordu nagusietako bat.

1860an sortu zan CAFen aurrekaria eta 1917an hasi zan martxan Trenbideen Konpainia Laguntzailea (CAF), Beasainen. Beraz, 100 urte bete ditu. Urolako trenbidearen trakzinozko antxinako azpiestazinoaren eraikinean, CAFen historia eta bilakaerea ezagutu ahal izango dira, 15 informazino-panelen bidez. Martin Garcia Garmendiak eta Juanjo Olaizolak idatzitako katalagoa salgai egongo da. Erakusketea Lemniskata kultura alkarteagaz, CAFegaz eta Euskotrenegaz alkarlanean antolatu dau museoak.

Beste alde batetik, maiatzaren 14an lurrunezko hiru tren berezi martxan ipiniko ditu Burdinbidearen Museoak, bisitariek antxinako bidaiak zelakoak ziran ezagutu eta Azpeitia inguruko paisaia beste ikuspegi batetik disfrutau daien. Urola ibaiaren ertzetik, Azpeitia eta Lasao arteko bidea egingo dabe tren historikoek.

Rotterdamen eregitako eta Portugalen zerbitzua emondako 1953ko lokomotora batek gidatuko dau lehenengo zerbitzua, 11:00etan. Hurrengo bidaia, 12:00etakoa, museoko beterano batek beteko dau: 1888an Glasgown egindako Zugastieta lokomotoreak, Gernika-Zornotza linean ibilitakoa berau. Amaitzeko, 13:00etako zerbitzuan 1913ko eta 1965ko lokomotora bana ibiliko dira. 

Ganera, maiatzaren 18an bertan, Museoen Nazinoarteko Egunean, jarduera batzuk antolatu ditu Euskotrenek bultzatutako zentroak. Desagertutako Urolako trenbidearen inguruko film historiko bi proiektauko dira, 19:00etan, museoaren ekitaldi aretoan. Filmetako bat oraintsu berreskuratu dau Espainiako Zinemateka Nazionalak eta 1926an Urolako trenbidea inaugurau zaneko ekitaldia agiri da. Bestea, 1951n egindako pelikulea, Euskal Filmotekeagaz alkarlanean zaharbarritu da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu