Karlos Alastrueyren 'AntiBasque' filma saritu dabe Los Angelesen

Bizkaie! 2017-05-10 09:26   Kulturea

Lan esperimental onena izentau dabe FilmAwards sariketan.

filmearen irudi bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Zinemagile nafarrak Oteiza museoagaz alkarlanean sortu eban igaz film ertaina eta bertan, Abel Azkona artisteak jokatzen dau protagonistearen rola.

Pelikuleak gazteen artean memoria historikoa berreskuratu beharra aldarrikatzen dau, fikzinoaren eta dokumentalaren elementuak buztartuz.

Filmak bidaia bat proponiduten dau Gernikako bonbardaketan oinarrituta, Nafarroan, Gipuzkoan, Bizkaian eta Europako beste lurralde batzuetan totalitarismoaren hazkundeagaz eta Bigarren Mundu Gerrearen osteko panorameagaz lotuta dagozan agertokietan.

Bidaia horretako gidari gazte biak amnesiak jota agertuko dira filmean eta Gernikako bonbardaketearen biktimak ordezkatuko ditue. Euren espirituak eta buruak antolatzea nahitaezkoa izango da, arbasoei zer jazo jaken ulertzeko eta jazoera historiko horreek gaur egungo belaunaldiko gizon-emakumeakan zer eragin izan daben ezagutzeko.

Antibasque-ren gidoia Karlos eta Javier Alastrueyk idatzi eben eta Abel Azkonak, Lide Martinez-Abaigarrek, Lucia Nietok, Aintzane Alastrueyk, Javier Baigorrik, Lorea Otazuk eta Gorka Zubeldiak osotuten dabe aktoreen zerrendea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu