Pott Bandearen 40. urteurrenean, omenaldi-liburua dakar Sorzain argitaletxeak
2017-05-10 08:35 KultureaJon Kortazarrek koordinau dau Pott Banda, ekilibrista bihotza (1977-1980). Hainbat sortzaileren ikuspegitik aztertu dabe mobimentu literario horren ekarpena.
Bilboko Bidebarrieta liburutegian aurkeztu dabe omenaldi-liburua, Pott Bandearen ingurune naturalean, hau da, liburu artean eta Bilbon. Euskal letretan iraultzea ekarri eban Pott Bandeak 1977an eta, 1980ra arte, erreferentzia nagusietako bat izan zan literaturan. Bernardo Atxaga, Manu Ertzilla, Jon Juaristi, Joseba Sarrionandia, Joxemari Iturralde eta Ruper Ordorika izan ziran Pott Bandako sortzaileak.
Hiru urteko ibilbide laburrean goitik behera aldatu eban euskal literaturearen panoramea Pott Bandeak. Sortu zanetik 40 urtera, omenaldi-liburua plazaratu dau Sorzain argitaletxeak. Jon Kortazar izan da koordinatzailea, bera persona aproposa dalako zeregin horretarako: idazlea, euskal literaturan aditua eta Pott Bandakoakaz ibilitakoa da.
Batez be, Pott Bandeak ondorengo belaunaldietan itxi dauen arrastoa aztertzea da liburuaren helburua. Horretarako, Pott Bandako kideen gomutak batu ditue Kortazarrek eta euskal literaturako beste autore eta aditu batzuek, alkarrizketen bidez: Unai Elorriagak, Harkaitz Canok, Jose Fernandez de la Sotak, Jon Martinek eta Idoia Jauregik.
Horrezaz gan, Pott Bandearen ibilbidearen errepasoa egiten da liburuan: Sortu zaneko asmoak, argitaratu zituan sei aldizkariak, bilakaerea eta abar. Amaitzeko, euskal kulturako eragile ugariren eretxia batu dabe liburuan, bakotxak bere erara egiten deutso omenaldia Pott Bandeari. Kirmen Uribek, Miren Agur Meabek, Miren Amurizak, Iratxe Fresnedak, Manex Agirrek, Garbiñe Ubedak eta abarrek parte hartu dabe.
Sorzain argitaletxea izen bereko alkarte kulturaletik sortutako proiektu editoriala da. Liburu kritikoak euskeraz argitaratzea dau helburu, hizkuntzea eta gogoetea bultzatzeko. Irabazi asmo bako egitasmo autogestionadua da. Argitaletxe hasibarria dan ezkero, Pott Banda, ekilibrista bihotza (1977-1980) Sorzainek plazaratutako bigarren liburua da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!