Kirmen Uribek irabazi dau 111 Akademiaren saria

Bizkaie! 2017-04-21 11:37   Kulturea

Elkarrekin esnatzeko ordua nobeleagaitik emon deutsie 2016ko edizinoko saria 111 Akademiako kideek. Hiru bozketa txandatan erabagi dabe irabazlea.

Kirmen Uribe (argazkia: Etxepare) | Ikusi handiago | Argazki originala

Susa argitaletxeagaz plazaratu eban igaz Kirmen Uribek Elkarrekin esnatzeko ordua nobelea. 111 Akademiako kideen artean, 2016ko libururik gustukoena izan da, bozketak erakusten dauenez. Pello Lizarralderen Elur bustia izan da finalistea.

Hiru txandatan egin dabe bozketea. Lehenengo, 197 akademiakideek euren liburu gogokoena aukeratzeko modua izan eben, urtarrilean. Proponidutako izenburuetatik bakar batek be ez eban boto guztien % 30 lortu eta, beraz, bigarren fasera pasau ziran. Hor, sei hautagairen artean aukeratu behar izan eben 111 Akademiako kideek, zezeila eta martia bitartean.

Hirugarren eta azken fasera, Pello Lizarralderen eta Kirmen Uriberen lanak heldu dira, besteek baino boto gehiago eskuratu ditue eta. Azken bozketea apirilaren 17ra artekoa izan da eta Elkarrekin esnatzeko ordua aukeratu dabe akademiakideek.

Maiatzaren 11n emongo deutsie saria Kirmen Uriberi, Andoaingo Bastero kulturgunean egingo dan ekitaldian.

Benetako pertsonaietan eta gertakarietan oinarritutako nobelea da Elkarrekin esnatzeko ordua. Gerratik eta diktaduratik urruntzeko nahian, Karmele Urrestik eta Txomin Letamendik egindako bidea kontetan da liburuan. Baita, Jose Antonio Agirre Lehendakariaren aginduz, zelan bueltau ziran Bilbora be, faxismoaren kontra lan egiteko.

Bikote horren eta euren ingurukoen gorabeheretatik abiatuta, gerraosteko sasoi latzen kronikea egin dau Uribek liburu honetan. Espioitzea, klandestinidadea, torturea, kartzelea, erbestea, heriotzea... hainbat gai lantzen dira nobelan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu