Maiatzaren 25etik 28ra egingo dabe Literaturia, 'Literaturia da gure isla' lemapean

Bizkaie! 2017-04-21 10:52   Kulturea

Literaturearen erdigune izango da Zarautz lau egunetan. Argitaletxeak, idazleak eta irakurleak batzea da asmoa.

Igazko Literaturiako une bat (argazkia: Literaturia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Liburu azokea baino gehiago da Literaturia. Larrabetzun sortu zanetik, eta gaur egun Zarautzen, euskal literaturearen inguruko topagune izatea da asmoa, herriko kale eta aretoak literaturaz betetea. Horretarako, ekitaldi ugari antolatuko ditue, maiatzaren 25etik 28ra egingo dan 2017ko edizinoan: Liburu azokea bera, aurkezpenak, zuzeneko emonaldiak eta abar.

Espilua izango da aurtengo edizinoko gai nagusia. Lemea, Literaturia da gure isla izango da eta, hortik tiraka, espiluaren kontzeptuagaz lotuta egongo dira Literaturiako ekitaldiak. Sare sozialetan #GureIsla traola erabiliko dabe.

Literaturea norbere buruagaz topo egiteko leku bat dala dinoe antolatzaileek. Literaturearen bidez, bakotxak bere burua ikusi leike eta, beraz, espilua gaia aproposa begitandu jake.

Literaturiaren aurtengo egitaraua maiatzaren 3an aurkeztuko dabe antolatzaileek, Donostian egingo dan ekitaldian. Hor, zehaztasun guztiak emoteaz gan, Petti musikariak eta Irati Jimenez idazleak euren ikuskizun barriaren aurrerapena aurkeztuko dabe. Emonaldi osoa Literaturian ikusi ahal izango da, maiatzaren 26an, Zarauzko Modelo aretoan.

Euskal literaturea kalera ateratzeko asmoz, 2009an sortu zan Literaturia. Urtero egiten da, udabarrian, eta idazle ugarik parte hartzen dabe, irakurle eta argitaletxeakaz batera. Liburu aurkezpenak, errezitaldiak, irakurraldiak eta azokea egon ohi dira. Baita kontzertuak, tailerrak, berbaldiak eta beste jarduera osogarri asko be. Larrabetzun antolatu ziran lehenengo edizinoak baina, 2014tik, Zarautz da Literaturiaren egoitzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu