'Ospa' ipuin liburua aurkeztu dau Juan Luis Zabalak
2017-04-20 13:41 KultureaAzken hamar urteotan idatzitako 23 ipuin dakarz Ospa-k (Susa). Istorio gehienetan dago iges egin nahi dauen personaiaren bat.
Idazlea eta kazetaria da Juan Luis Zabala. Literatureagaz lotutako jardunaren barruan, narrazino ugari idatzi ditu eta Ospa izeneko hau ez da bere lehenengo ipuin bildumea. Aurretik argitaratutako beste narrazino batzuk baino helduagoak dira oraingo honeek, autorearen ustez, orain ezagutza handiagoa dauka eta. Liburu honen aurretik, igaz, Txistu eta biok kaleratu eban idazle azkoitiarrak, nobela tankerako lana.
Aspaldi hasi zan Zabala, orain dala hamar urte inguru, Ospa-ko ipuinak idazten. Halandabe, oraintsura arte ez dau danak liburu baten batzeko aukerea ikusi. Izan be, ipuinak ez dagoz alkarregaz lotuta, banan banan idatzi ditu eta autonomoak dira. Batzen dituana iges egiteko gogoa edo ezinegona da. Zabalaren esanetan, istorio gehienetan badago alde egin nahi dauen personaiaren bat. Horregaitik aukeratu dau Ospa izenburua. Liburuko azken ipuinaren izenburua be bada hori.
Ganerakoan, danetariko istorioak eta personaiak dagoz. Halandabe, Juan Luis Zabalak onartu dau personaia asko dirala autorearen antzekoak, eta autorearen bizitearen oihartzuna dagoala askotan. Ipuinetan Zabalaren ardura asko be agiri dira, esaterako kazetaritzearen gaia landu dau kasu batzuetan.
Donostian egindako ekitaldian aurkeztu dau Ospa Juan Luis Zabalak. Susa argitaletxeagaz argitaratu dau ipuin liburua eta azaleko argazki deigarria Lander Garrok egina da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!