Bilbon sortutako Fair Saturday, mundu mailako mobimentu kultural bihurtu da

Bizkaie! 2016-11-24 08:32   Kulturea

Zapatuan, hilak 26, egingo dabe aurtengo Fair Saturday. Sortu eta urte bira, sei herrialdetako 70 uri eta herritan egongo dira ekitaldiak.

Mundua artearen eta kulturearen bidez aldatzeko eguna da Fair Saturday, antolatzaileek azaldu dabenez. Bilboko Udalak gogora ekarri dau, orain dala urte bi Bilbon sortu zala ekimena eta dagoeneko nazinoartera zabaldu dala. Hainbat uritan aldi berean egiten dan jaialdia da eta aurtengo hitzordua zapatuan izango da.

Bilboko egitaraua Xabier Otxandiano zinegotziak eta Fair Saturday mobimenduko sortzaile Jordi Albaredak aurkeztu dabe. Bilbon, eta Bizkaiko beste leku batzuetan, gizarte arloko bost kausaren aldeko ehun ekitaldi baino gehiago antolatu ditue.

Fair Saturdayren sorlekua dan ezkero, Bilbok ahalegin berezia egingo dauela adierazo dau Otxandianok. Bertatik bertara ikusi ahal izango da egun bat eskaini leitekeela artearen eta kulturearen bidez mundua aldatzeko, adierazo dau zinegotziak. Egitarau bete-betea preparau dabe zapaturako eta aste osoan be ikuskizun kulturalak egongo dira urian.

Esaterako, gaur, eguaztena, izango da lehenengo ekitaldia. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, Ken Zazpik, Doctor Deseok eta Zea Maysek alkarregaz joko dabe kontzertua, Campos antzokian, arratsaldeko 20:00etan. Batutako dirua, kasu honetan, Bizkaiko Elikagaien Bankuari laguntzeko izango da.

Zapatuan bertan, goizeko 11:00k inguruan hasiko dira ekitaldiak. Batetik, zenbatgura kontzertu egongo dira uritarren eskura: abesbatzak, bilbainadak, orkestrak, musika modernoa... Bilboko leku enblematikoenetan izango dira emonaldiak, tartean museoetan, unibersidadeetan, eleizetan eta tabernetan. Antzerkia, jantzea, tailerrak, errezitaldiak, performanceak eta zinemea be egongo dira. Gauean amaituko da Fair Saturday, La Granja kafetegian JJ Jaime Villalongagaz egongo dan jaiagaz.

Bilboko Fair Saturdayko programazinoa ikusi ahal izateko, sakelako telefonorako aplikazinoa sortu dabe. Egitaraua hemen behean be badago:

Bilbotik mundura zabaldu da Fair Saturday. Sei herrialdetako 70 uritan, 350 ekitaldi baino gehiago antolatu dira zapaturako. Gizarte arloko ehun kausa ingururi lagunduko jake.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu