Jesus Mari Lazkano margolariaren ibilbide artistikoa liburu baten batu dabe
2016-11-23 11:04 KultureaDonostia 2016ren eta Iberdrola enpresearen arteko lankidetzeari esker argitaratu da monografia hau. Lazkanoren ikonografia ez eze, haren gogoetak jaso dira liburuan.
Jesus Mari Lazkano (Bergara, 1960) 20. eta 21. mendeen arteko euskal artista nabarmenenetako bat da. Pintura errealistea jorratu dau, batez be. Pinturearen eta arkitekturearen arteko integrazinoan be interes handia dauka artista gipuzkoarrak. Museo ugaritan ikusi leitekez Lazkanoren obrak. Formatu handikoak be egin ditu, espazio publikoetarako.
Lazkanori eskainitako erakusketa ugari egin dira mundu zabalean: AEBn, Suitzan, Indonesian, Italian, Espainian... 2010ean Bilboko Arte Eder Museoan be erakutsi zituan bere obrak. Oraintsu Donostian egin dauen erakusketeak 40.000 bisitari erakarri ditu.
Saiakera estiloko monografiko honetan, Lazkanok azken 30 urteetan izan dauen ibilbide artistikoa batu da. Bere ikonografian funtsezkoak diran elementuak agirian geratzen dira liburuaren orrietan: Paisaiaren inguruko hausnarketak, klima aldaketearen inguruko kezkea, argia, denporea eta abar.
Ganera, artistearen gogoetak tartekatu dira monografikoan. Obrak eta berbak bat eginaz, irakurketa edegiak planteatu ditu Lazkanok, liburuaren bultzatzaileek azaldu dabenez. Edizinoari jagokonez, liburu zabala da, handia.
Nerea argitaletxea arduratu da monografikoa plazaratzeaz, Donostia 2016ren eta Iberdrolaren bultzadeagaz. Kirmen Uribek, Edward J. Sullivanek eta Miguel Zugazak hitzaurre bana idatzi dabe. Lazkanoren imaginario piktorikoan sartzeko eta azpian dagozan ideak aztertzeko gonbidapena da liburua, gure inguruko munduaren ganeko begirada berezi bategaz, dinoe monografikoaren bultzatzaileek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!