Getxoko Eskulangintza Azokeak 23 espezialidade eta 80 profesional batuko ditu astegoienean
2016-11-23 08:51 KultureaAreetako Geltokia plazako karpan, 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik azokea eta zapatuan 21:30ean zarratuko da; sarrerea, ohi danez, dobakoa izango da.
Datorren barikuan, zemendiaren 25ean, 33. Eskulangintza Azokea izango da Getxon, Euskadiko artisau topaketa garrantzitsuenetako bat, hain zuzen be. Domekara arte, bertan 23 espezialidadetako gaiak izango ditue salgai 80 eskulangilek. Azokea Areetako Geltokia plazako karpan kokatuko da eta bertan, salerosketarako guneaz gan, umeentzako tailerrak izango dira eta baita erakustaldiak be. Azokea 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik eta zapatuan 21:30ean zarratuko da; sarrerea, ohi danez, dobakoa izango da.
Aurtengo azokan hainbat espezialidade erakutsiko dira: zeramikea, bitxiak, ehuna, harriak, metala, larrua eta landare-zuntzaz eginiko lanak, besteak beste. Era berean, ezin dira ahaztu eskulangintzan hain ohikoak ez diran beste arlo batzuk be, azokan ikusgai egongo dira-eta. Danetara, 22 izango dira Getxon ikusi ahal izango diran eskulangintza arloak. Aurten A Coruña, Araba, Asturias, Ávila, Bartzelona, Bizkaia, Burgos, Cáceres, Cantabria, Gipuzkoa, Guadalajara, León, Madril, Nafarroa, Ourense, Palentzia, Pontevedra, Soria, Tarragona, Toledo eta Zaragozatik etorritako profesionalek parte hartuko dabe.
Azokeak jarduera-egitarau anitzaren aldeko apustua egiten jarraitzen dau. Aurten be, erakustaldiak eta umeentzako tailerrak izango dira, izen handiko profesionalen eskutik; tailerrotan, gaztetxuek lehenengo hartu-emonak izango ditue artisautzeagaz eta eskulangintza-objektuak egiteko aukerea izango dabe, besteak beste, larrua, plastilinea, ehunak eta papela landuko ditue eta jostailuak, origami-figurak (ekialdeko papiroflexia), saskiak eta birziklapen-objetktuak sortu ahal izango ditue. Bestalde, erakustaldietan, zuzen-zuzenean ehunak, beira eta zura zelan lantzen diran ikusteko aukerea be izango dabe bisitariek.
Lehiaketak eta zozketea
Lehiaketak be ez dira faltako azokan. Batetik, eskulangileen lana sarituko da eta, bestetik, produktuak aurkezteko daben modua be sarituko da diseinu eta stand lehiaketetan. Ekimen horreetan islatzen da urtez urte produktuen kalidadea eta euren postuen aurkezpena eta apaindurea hobetzeko eskulangileek egiten daben ahalegina. Horregazbatera, urtero erosleen artean egiten dan zozketea be egingo da aurten eta zeozer erosten daben bisitarien artean eskulangintza produktuak zozketatuko dira.
Domekan, hilaren 27an, hazur-muina emotearen aldeko Guk emanez, haiek bizi alkarteak postua jarriko dau azokan. Bertan, Osakidetzagaz alkarlanean dabilen kolektibo honek bere lana zabalduko dau.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!