Europako dinosaurorik handiena Bilbon da

Bizkaie! 2016-10-21 08:05   Kulturea

Europako dinosaurorik handienaren eta AEBetatik datorren Camptosaurus baten eskeleto osoen jatorrizko neurriko erreplikak ikusgai dagoz Koloso Jurasikoak erakusketan.

Dinosauroak hobeto ezagutzeko, 145 miloe urteko bidaia egiteko aukerea eskainiko deutse ikusleei UPV/EHUk Bizkaia Aretoan. UPV/EHUk antolatzen dauen Zientziaren Asteko ekintzen barruan kokatzen dan erakusketea honako erakunde honeek babesten dabe: Euskaltel, Bilboko Udala, Iberdrola eta Terueleko Multzo Paleontologikoa-Dinópolis Fundazinoa.

Dinosauroak 150 miloe urtetik gora bizi izan ziran Lurrean. Goi Jurasikoaren amaiera aldera izan eben goieneko unea eta aniztasun-maila handia lortu eben. Horreen lagin batzuk dagoz ikusgai Bilboko UPV/EHU Bizkaia Aretoan gaurtik aurrera.

Turiasaurus riodevensis Europako dinosauro handienaren eta AEBetatik datorren Camptosaurus sp. dinosauroaren eskeleto osoen jatorrizko neurriko erreplika bik osotzen dabe, besteak beste, Koloso Jurasikoak erakusketea. Era berean, 11 informazino-panelen bildumea euskeraz eta gaztelaniaz be izango da, gaur egun bereizita dagozan arren, Jurasikoan batuta egozan 3 kontinenteetako —Europa, Amerika eta Afrika— dinosauroen arteko loturea azalduz.



Erakusketea ikusgai izango da Bizkaia Aretoan gaurtik, urriaren 20tik hasita zemendiaren 27ra arte, ondoko ordutegian: astelehenetik barikura, 8:00etatik 20:00etara; zapatuan, 10:00etatik 14:00etara; eta domekan, 10:00etatik 14:00etara. UPV/EHUk antolatzen dauen Zientzia Asteko ekintzen barruan kokatzen da erakusketea, eta Euskaltelek, Bilboko Udalak, Iberdrolak, Tisak eta Dinópolis Fundazinoak babesten dabe. Horrezaz gan, Luis Alcalá eta Alberto Cobos Fundación Conjunto Paleontológico de Teruel-Dinópolis fundazinoko zientzialariek eta Xabier Pereda-Suberbiola UPV/EHUko ikertzaileak berbaldi bana eskainiko dabe.

Ondokoak dira Bizkaia Aretoan entzungai izango diran hiru berbaldiak:

Teruel: la mina de los dinosaurios. Luis Alcalá. Urriaren 20an, 19:00etan. Bizkaia Aretoan.

Dinosaurios y fauna asociada de Euskal Herria: un viaje en el tiempo hace 70 millones de años. Xabier Pereda-Suberbiola. Urriaren 26an, 19:00etan. Bizkaia Aretoan.

Turiasaurus: el gigante europeo y otros dinosaurios jurásicos. Alberto Cobos. Zemendiaren 2an, 19:00etan. Bizkaia Aretoan.

Horrezaz gan, zemendiaren 7tik aurrera bisita gidatuak antolatu dira, astelehenetik barikura, Lehen Hezkuntzako ikastetxeentzat eta partikularrentzat. Hain zuzen be, ikastetxeen bisitak ordu erdikoak izango dira, eta 9:00, 10:00, 11:00 eta 12:00etan egin ahal izango dira. Partikularrentzako bisitea, barriz, 18:30ean izango da. Bisitea egin ahal izateko ezinbestekoa da izena emotea turiasaurus@ehu.eus emailean


Europako erraldoia

2003tik, hainbat hilabetetako indusketa-lanen ostean, Terueleko Multzo Paleontologikoa-Dinópolis Fundazinoko ikertzaileek Teruelgo Riodeva herrian dinosauro sauropodo —lepo eta buztan luzeko kuadrupedoa— erraldoi baten hainbat fosil topau zituen, eta Turiasaurus riodevensis izena jarri eutsien. Aurkikuntza hau Science zientzia-aldizkari entzutetsuan argitaratu eben, hondakin paleontologikoen garrantzia nabarmenduz.

Europako dinosaurorik handienaren eskeleto osoa, orain arte sekula erakutsi ez dana, ikusgai izango da erakusketan: 7 metroko altuerea eta 21 metroko luzerea ditu. Turiasaurus Europako beste edozein dinosauro baino handiagoa da eta munduko handienen artean dago. Pisuari jagokonez, antzeko sauropodoen kalkuluetatik, gutxi gorabehera 40 tona dituala kalkuletan da (6-7 elefante ar helduen pisua).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu