Munduko Txotxongilo Jaialdia Donostian eta Tolosan, maiatzaren 28tik bagilaren 5era
2016-05-27 12:35 KultureaWorld Puppet Festival jaialdiak munduko txotxongilo-ikuskizunik onenetako batzuk erakutsiko ditu, DSS2016Eu eta Tolosako TOPICen arteko alkarlanari esker. Danetara, mundu osoko 30 konpainia baino gehiago izango dira gurean.
Maiatzaren 28tik bagilaren 5era, World Puppet Festival jaialdiak munduko txotxongilo-ikuskizunik onenetako batzuk erakutsiko ditu, DSS2016Eu eta Tolosako TOPICen arteko alkarlanari esker. Mundu osoko 30 konpainia baino gehiago izango dira gurean eta Antzoki Zaharrean, Victoria Eugenian, Gazteszenan, TOPICen, Garbera merkataritza-gunean eta Donostia eta Tolosako kaleetan eskainiko ditue euren lanak.
Bederatzi egun horreetan eskainiko dan programazinoa bi formatutan banatuta dago: kaleko programazinoa eta Donostiako eta Tolosako aretoetan egingo diran ikuskizunak.
Donostiako kaleetan 20tik gora eszenatoki egongo dira, baina, kaleko ekitaldiez gan, Victoria Eugenia Antzokian, Antzoki Zaharrean eta Gazteszenan 11 ikuskizun izango dira, eta ikuskizun horreetarako sarrerak eskuragarri dagoz Donostia Kulturaren ohiko bideetan. Hona hemen hiru areto horietan izango diran ikuskizunei buruzko informazinoa:
Helduentzat honako ikuskizunak izango dira:
Maiatzak 31, Gazteszenan, 21:00tan, Spartacus. La Licorne konpainia.
Bagilak 1, Antzoki Zaharrean, 20:00tan, Peregrinaçao, Lafontana formas animadas konpainia.
Bagilak 2, Victoria Eugenia Antzokian, 20:00tan, Alice in Wonderland, Hand Made Theatre.
Bagilak 3, Victoria Eugenia Antzokian, 20:15ean, I Sisyphus, Puppet's Lab konpainia.
Bagilak 4, Victoria Eugenia Antzokia, 19:00tan, Out, Unterwasser konpainia.
Umeentzako honako ikuskizunak izango dira:
Maiatzak 30, Antzoki Zaharrean, 18:30ean, Red Earth revisited; ASSITEJ & Speeltheater konpainia.
Maiatzak 31, Victoria Eugenia Antzokia, 20:30ean, Altzoko Haundia; La Enananaranja & Iñaki Mata.
Bagilak 1, Victoria Eugenia Antzokia, 18:30ean, Óscar, el niño dormido; El Espejo Negro.
Bagilak 2, Antzoki Zaharra, 18:30ean, Animare, Kakashiza konpainia.
Bagilak 3, Antzoki Zaharra, 17:30ean eta 19:00tan, Les Funambules, Marionetteatern.
Bagilak 4, Antzoki Zaharrean, 17:30ean, Tutu, Lichtbende Theatre
Kaleko programazinoari jagokonez, inaugurazinoa bera izango da lehenengo eskaintzea. Garabi handi batek hainbat txotxongilo handi, aktore, bizikleta eta abeslariri hegan eginarazoko deutse, hori guztia Belgikako Tol Theatre konpainia entzutetsuaren eskutik. Les Irréels konpainiak, barriz, azken astegoienean, bere magiaz beteriko karabanak Donostiako kaleetara eroango ditu –zehatzago, Okendo plazara–. Karabana horreek, Charleville-Mézières-eko Nazinoarteko Jaialdiaren azken edizinoan, handiak eta txikiak liluratuta itxi zituen. Bestalde, uriko hogeitik gora txoko formatu txikiko ikuskizunez beteko dira, goizetik arratsaldera: Easo plaza, Konstituzino plaza, San Martin merkatua, Koldo Mitxelena, Okendo plaza, San Martzial kalea, Alderdi Eder, Zuloaga plazea, Kontxa pasealekua, Trinitate plazea, Antiguo Berri plazea, Boulevarda, Catalunya plazea, Nautikoa...
Erakusketea Okendon
Txotxongilo emonaldiez gan, maiatzaren 28an, XX. mendeko maisuak. Espainiako txotxongiloak erakusketea inaugurauko da Okendo kultur etxeko erakusketa-aretoan. Espainiako Estaduko XX. mendeko txotxongiloei buruzko atzera begirako erakusketea izango da; bere ardatza ondorengo txotxongilolari-belaunaldietan eragin nabarmena izan daben maisuen aukeraketa bat izango da. Horrezaz gan, erakusketan, Gerra Zibilak eta ondorengo erregimen frankisteak ibilbidea etenarazo eutselako hain ezagunak ez diran beste figura batzuetan sakonduko da.
UNIMAren batzarra
Txotxongilo Jaialdiaz eta erakusketaz gan, UNIMAren (Union Internationale de la Marionnette) batzarra be izango da egun horreetan Donostian eta Tolosan.
Bestetik, maiatzaren 28 eta 29an, EHUko Uda Ikastaroen barruan, sinposio hau egingo da: El teatro de títeres de repertorio en Europa y América: la Máquina Real.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!