ACTk, Lan Laburren Antzerkialdiak, 70 artista batuko ditu bagilaren 1etik 4ra

Bizkaie! 2016-05-26 08:47   Kulturea

Bilbon eta Barakaldon ikusi ahal izango dira ACT jaialdiaren 13. edizinoko antzezlanak. Bertoko eta kanpoko 70 artista inguruk formatu laburreko 15 pieza eskainiko ditue eta, ganera, berbaldiak, topaketak eta tailerrak egongo dira.

ACT jaialdiaren aurkezpenean katu baltzak izan ziran protagonista | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Antzerki Ikastegia, BAI, da antzerki laburreko jaialdiaren antolatzailea. Formakuntza eszenikorako alkarte horrek 20 urte bete ditu aurten eta, horregaitik, kalidadezko programazinoa ekarri nahi izan dabe ACTra. Jaialdia bera be, finkatutako hitzordua da, 13 urteko ibilbidea bete dau eta.

ACTn parte hartzeko 300 proposamen jaso ditue antolatzaileek, eta 15 aukeratu, 12 lehiaketarako eta beste hiru erakustaldi formatuan. Antzerkia eta arte eszenikoakaz lotutako beste diszipilna batzuk batzen dira aukeratutako obretan, adibidez jantzea, performancea eta txotxongiloak. Bizkaiko konpainiak dagoz lehiakideen artean, baita Irak, Italia, Frantzia, Herbehereak, Korea, Bosnia Herzegovina, Espainia eta Belgikakoak be.

Saio bakotxean, bi edo hiru obra eskainiko ditue. Lehiaketako antzezlanak Barakaldo Antzokian eta Bilboko Kafe Antzokian emongo ditue. Bagilaren 1etik 3ra egongo da lehiaketea martxan eta hil horren 1a eta 4a erakustaldietarako izango dira.

Bagilaren 1eko zabaltze-ekitaldian, Kafe Antzokian, Igor Vrebac-en Homo Sapiens ikusi ahal izango da, igazko irabazlea. Lehiaketako pieza bi be eskainiko ditue egun horretan, Koreako Jjbra konpainiaren The great man eta Bizkaiko Lastima Teatroren Un hombre apunta a otro hombre con una pistola.

Saio bakotxera sartzeko, 8 euro pagau beharko dira. Jaialdiko lan guztiak ikusteko bonoa be atara dabe, 15 euroan. Barakaldo Antzokian, Kafe Antzokian eta BAI ikastegian erosi leitekez bonoak.

Formakuntzea eta alkartrukea bultzatzeko, lehiaketeagaz batera, jarduera osogarrien egitaraua dakar ACTk. Arte eszenikoen alorreko jokera barrienak erakusten ahaleginduko dira tailerren eta berbaldien bidez. Maiatzaren 23tik hasita dago egitarau pedagogikoa, bagilaren 4ra arte. Barakaldo Antzokia eta Guggenheim Museoko Zero Espazioa dira egoitzak.

Era berean, sortzaileen eta programatzaileen arteko topaketea izan nahi dau ACTk. Europa guztiko jaialdietako antolatzaileak eta programatzaileak konbidau ditue jaialdira, konpainiak ezagutu daiezen. Profesionalen arteko trukea be ACTren ardatzetako bat dala dinoe antolatzaileek.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu