Hogei artistaren artelanak batzen ditu Ertibil erakusketa ibiltariak

Dabi Piedra 2016-05-11 15:13   Kulturea

Ertibil programearen aurtengo edizinoan, hogei artistaren beste horrenbeste obra aukeratu ditue eta Bilboko Rekalde aretoan ikusi leitekez guztiak. Ondoren, Bizkaiko beste hamar herritara eroango dabe erakusketea.

Lorea Bilbao, Ertibilerako aukeratu dituen artistakaz | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaitarrak diran edo bertan lan egiten daben artista gazteen lanak ezagutzera emoteko antolatzen dau urtero Ertibil programea Bizkaiko Foru Aldundiak. Aurtengo edizinoan, hogei artistaren beste horrenbeste obra aukeratu ditue eta Bilboko Rekalde aretoan ikusi leitekez guztiak. Ondoren, Bizkaiko beste hamar herritara eroango dabe erakusketea.

Sormena eta talentua badagoz Bizkaian, adierazo dau Lorea Bilbaok, Bizkaiko Kultura diputaduak. Horren lekuko da Ertibil programea. Bizkaiko artista gazteen lan barritzaileenak ikusteko balio dau Ertibilek, Bilbaok ganeratu dauenez.

Talentu barriak topau, euren lana gizarteratu eta Bizkaiko artea garatzea da Ertibilen asmoa, abangoardiek arteari laguntzen deutsie aurrera egiten. Hainbat herritara eroango ditue hogei artelanak, sormen lan horrek oihartzun handiagoa euki daian, Bilbaok azaldu dauenez.

Aurtengo edizinoa, Ertibilen 34.a da. Epaimahaian artearen munduko adituak egon dira: Daniel Castillejo, Zuhar Iruretagoiena, Abigail Lazcoz eta Ane Rodriguez.

Deialdira 109 artista aurkeztu dira eta epaimahaiak hogei aukeratu ditu. Ganera, hiru saritu be izentau ditu: Lehenengo saria, Amaia Gracia Azquetak irabazi dau, Paradis obreagaz; bigarren saria, Irantzu Yaldeberek, Gora Arriba Horizontalean lanagaz; eta hirugarrena, Helena Goñik, Tourniquet proiektuagaz.

Amaia Gracia Azqueta irabazleak dino, Mont Blanc mendiaren inguruetara egindako ibilaldi baten sortu jakola obrea egiteko asmoa. Mendiaren argazki baten oinarrituta sortu dau Paradis izeneko lana. Berbaz adierazo ezin dodazan sensazinoetatik abiatuta sortzen dodaz obrak, azaldu dau artisteak.

Garagarrilaren 3ra arte ikusi ahal izango dira Ertibileko obra aukeratuak Bilboko Rekalde aretoan. Ondoren, beste hamar herri bisitauko ditu erakusketa ibiltariak: Sestao, Durango, Lekeitio, Santurtzi, Gernika-Lumo, Arrigorriaga, Derio, Ermua, Igorre eta Elorrio.

Artista aukeratuak honeek dira: Amaia Gracia Azqueta, Irantzu Yaldebere, Helena Goñi, Carlos Alza, Nora Aurrekoetxea eta Laura Ruiz, Leonardo Burge Badiola, Urtzi Canto, Marion Cruza Le Bihan, Arantxa Escontrillas Ugartondo, Iñigo Garatu, Eduardo Hurtado, Miriam Isasi, Jone Loizaga, Uxue Lopez Iruretagoyena, Gemma Martin Valdanzo, Edurne Martinez, Estela Miguel, Damaris Pan, Karla Tobar Abarca eta Diego Vivanco.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu