Badator Bilboko IX. Gutun Zuria, Letren Nazinoarteko Jaialdia
2016-03-10 13:35 KultureaAzkuna Zentroak IX. Gutun Zuria Letren Nazinoarteko Jaialdia hartuko dau apirilaren 19tik 24ra. Krimena eta delitua literaturan gaia ardatz hartuta, idazleek euren narrazinoetan gai hori zelan aztertzen daben azaltzeko aukerea izango dabe.
Azkuna Zentroak IX. Gutun Zuria Letren Nazinoarteko Jaialdia hartuko dau apirilaren 19tik 24ra. Krimena eta delitua literaturan gaia ardatz hartuta, idazleek euren narrazinoetan gai hori zelan aztertzen daben azaltzeko aukerea izango dabe.
Baina egileen alkarrizketa tradizionalez gan, Azkuna Zentroak bestelako jarduerak be antolatu ditu urte honetan aukeratutako gaiaren inguruan, berbarako, zinema-zikloa, Stockholmeko Sindromearen zuzenezko talk showa eta Ruper Ordorikaren errezitaldi kontzertua. Edizino honetan arte garaikidea eta kulturea egongo dira ordezkatuta La casa del vacío-k diseinautako Milorria instalazioan, Kulturen Atarian kokatuta egongo dana.
Urtero moduan, Gutun Zuriak idazle garaikideen ordezkari nagusienak batuko ditu Bilbon. Apirilaren 19an, Kukai taldearen Jarraitasuna ikuskizunaren ondoren, Sergio Gonzálezek zabalduko dau jaialdia.
Aurtengo kartela honako egileek osotuko dabe: Dacia Maraini, literaturea salatzeko gaitasunaren arabera justifiketan dala uste dauena; Ernesto Mallo, Argentinako diktadurako krimen guztiz kondenagarriak kontetako fikzinozko personaia bat sortu dauena; Rodrigo Rey Rosa, eleberrietan Guatemalako etnia maien kontrako genozidioa gauzatu ebenen inguruko dokumentuak eta izenak sartu dituana; eta Ricardo Menéndez Salmón, gaiztakeria ikertu eta lanak makinatxu bat hizkuntzatn itzulita dituana. Bestalde, Jon Alonsok, Garbiñe Ubedak eta Jon Arretxek bederatzigarren Gutun Zuria jaialdiko gaia euskerazko literaturan zelan agertzen dan erakutsiko dabe.
Krimena eta delitua literaturan gaiaren inguruko edizio honetan, Gutun Zuriak azkenaldiko gerretan lekuko izan diranen testigantzea be jaso nahi izan dau, euren borondatez ala euren lanbideagaitik ikusi eta sentitutakoa kontau dabenen autortzea.
Massook Khaliliren kasua, hain zuzen be, afganiarrek sobietarren eta talibanen kontra egindako gerretan protagonista izan ostean, Espainian Afganistango enbajadorea da eta bere emazteagaz osotutako egunkari bihurtu dau bere esperientzia Los susurros de la guerra lan barrian. Beragaz batera, euren testigantzea eskainiko deuskue, Enric González, Ramón Lobo eta Ángela Rodicio eskarmentu handiko barriemoile eta liburu-egileek be.
Irakurlearen ordua
Lana, bizitza eta idea desbardinen inguruan eretxiak eta gogoetak konpartidu... Gutun Zuriaren Irakurlearen ordua klasiko bat da jaialdi honetan, idazle eta irakurleen arteko topaketea. Alkarrizketa bakotxaren ondoren, erakusketa aretoko ataurrean berba egiteko aukerea sortzen da.
Zinemea, ikuskizunak eta errezitalak
Literatureak legez, zinemeak be delituak jendartean hartzen dituan forma guztiak erakusten deuskuz. Gutun Zuriaren bederatzigarren edizioa honen adierazle izango da zinema ziklo, ikuskizun eta errezital batzuen bitartez.
Azkuna Zentroko Zinematekeak ziklo berezia eskainiko deusku aurten krimena, mafia eta espioitzea aztertzen dituen filmakaz.
Krimena eta delitua Stockholmeko sindromea proposamenaren barruan be jorratuko dira gai bezela. Azken edizinoan estreinaldia izan ondoren, aurten be Stockholmeko sindromea izango dogu Gutun Zurian. Eszena eta idazkuntza arloko artistek mahai-zapia eta mahaia konpartiduko ditue, musikea eta talk showa zuzenean bateratzen dituan ikuskizunean.
Egitarauaren barruan, azpimarragarria da Ruper Ordorikaren Izkiriaturik aurkitu ditudanak musika-errezitaldia, kantautako poema eta abesti bihurtutako olerkiakaz.
Era berean, euskerazko kulturea sustatzeko udabarriko Loraldia jaialdiagaz alkarlanean, Poeta gorri horiek! errezitaldia izango da: Mikel Markez, Arkaitz Miner eta Karlos Panerak Aresti, Otero, Zelaia eta Figueroaren poemak errezitauko ditue.
Ganerako jarduerak
2016ko Gutun Zuriak batzeko lekua be izango dau. Wendy Guerra idazlea La Habanatik Bilbora bueltauko da bere lan barriak publikoagaz konpartiduteko.
Uriaren institutuari eta Basauriko espetxeari bisitek jarduera paraleloen egitaraua beteten dabe. Edizino honetara konbidatutako hainbat egile be joango dira bisita horreetara.
Beste alde batetik, Mediateka BBK-k gune bibliografiko bat hartuko dau hirugarren pisuan eta hor aurtengo edizinoan parte hartuko daben egileen lanak konsultau ahal izango dira.
Milorria Kulturen Atarian
Azkuna Zentroko Kulturen Atariak protagonismo berezia izango dau Gutun Zuriaren edizino honetan. Jaialdira hurreratzen diran guztiek Milorria instalazinoa topauko dabe. La casa del vacío-k diseinautako instalazino honek ibilbide alternatibo bat egitea proponiduten deusku, 12.000 liburutatik ateratako milaka eta milaka orriren artean.
Instalazinoa liburu batean sartzen da, milorri artean, personaiak, emozinoak eta argumentua, letrak eta marrazkiak, koloreak, aurretik atzerantz edo atzetik aurrerantz, bakarrik edo bateren bategaz, astiro edo arin.
IX. Gutun Zuria Letren Nazinoarteko Jaialdiaren egitarau osoa ikusteko klin egin hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!