Liburu Azokearen harian, Petros Markaris, Almudena Grandes edo Yasmina Khadra lako idazleak izango dira Bilbon

Bizkaie! 2015-06-02 15:34   Kulturea

Aurrerapen moduan, Bidebarrieta Kulturguneko ekitaldi aretoak, Azokeak emoten dauen Zilarrezko Luma 2015 saria jaso dauen Petros Márkaris idazlearen berbaldi bat jasoko dau bagilaren 3an.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren Bidebarrieta Kulturguneak, eguen honetan ateak zabalduko dituan Bilboko Liburu Azokeagaz alkarlanean antolatutako zenbait jarduera jasoko ditu bagilaren 11ra arte. Aurrerapen moduan, Bidebarrieta Kulturguneko ekitaldi aretoak, Azokeak emoten dauen Zilarrezko Luma 2015 saria jaso dauen Petros Márkaris idazlearen berbaldi bat jasoko dau bagilaren 3an.

Turkian jaiotako Petros Márkarisek Ekonomia Zientziak ikasi zituan Vienan eta Stuttgarten, eta ondoren Atenasera joan zan, eta bertan bizi da. Telebistako gidoilari eta antzerkigilea da egun eta, horrezaz gan, Greziako krisiari buruzko La espada de Damocles saiakera liburuaren egilea be bada. Baina, Kostas Jaritos komisario greziar ironikoa protagonista daben polizia eleberriakaz egin da ezagun. Bilduma horretako Hasta aquí hemos llegado azken lanagaz zabaldu dau upealako krisialdi greziarrean girotutako sail arrakastatsua. Berbaldiak sarrera librea izango dau, Félix Linaresek aurkeztuko dau eta aldibereko itzulpen zerbitzua egongo da.

Eguenean, bagilaren 4an, arratsaldeko 18:30etik aurrera, Bidebarrieta Kulturgunea, oraintsu hil dan Ramiro Pinillari eskainiko jakon omenaldi xumearen eszenatoki izango da. Bertan, Almudena Grandesek eta 1988tik Frankfurter Allgemeine Zeitung egunkarirako kultur korresponsala dan Paul Ingendaay idazle eta kritikari alemanak hartuko dabe parte. Ekitaldia, kulturan espezializautako Idoia Jauregi kazetariak gidatuko dau.

Barikuan, bagilaren 5ean, Luis Alfonso Gámez kazetariak, janari osasungarria eta ekologikoa deitutakoari buruzko mitoak eta topikoak hankaz gora jarten dituan Los productos naturales ¡Vaya timo! edo Comer sin miedo lako liburuen egilea dan José Miguel Mulet dibulgatzaile eta ikerlari polemikoaren berbaldia aurkeztuko dau.

Hurrengo hitzordua bagilaren 9an izango da, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, John Connolly idazle irlandarragaz. Bere polizia eleberriakaitik da ezaguna, Charlie Parker detektibea protagonista daben lanakaitik, batez be.

Bilboko Liburu Azokearen barruan egingo diran topaketa horreek bagilaren 11n amaituko dira, Mohammed Moulessehol idazle eta militar ohi aljeriarraren emakumezko ezinena dan Yasmina Khadragaz. Momentu honetan gehien itzultzen dan egile arabiarretako bat da, eta bere lanen artean Morituri, Las golondrinas de Kabul, El atentado eta bere azken eleberria, A qué esperan los monos, dagoz. Bi topaketa horreek aldibereko itzulpen zerbitzua izango dabe.

Bidebarrieta Kulturgunea Bidebarrietako Liburutegian dagoan gunea da, eta bere helburu nagusia liburua eta literatura sustatzea da.
 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu