Lorenzo Silva eta Jose Maria Guelbenzu aurrez aurre 'Eztabaidak literatureagaz' ekimenean
2015-04-20 14:21 KultureaCuando el detective literario vigila a su autor izenburupean, bi idazleak, irakurleak protagonisten inguruan itxaroten dauena edo eleberriaren garapenean protagonistek idazlea zein puntutaraino baldintzatzen daben aztertzen ahaleginduko dira. Moderatzaile kanak, barriz, kulturan espezialistea dan César Coca kazetariak egingo ditu.
Eztabaidak literatureagaz, jentaurreko eztabaidearen edo alkarrizketearen bitartez literaturako zenbait arlotara hurreratzea proponiduten dauen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimenak, Lorenzo Silva eta José María Guelbenzu idazleen barriketaldia aurkeztuko dau apirilaren 21ean. Bertan, euren polizia eleberrietako serieetan protagonistek apurka-apurka hartzen daben lekuari buruz egingo dabe berba.
Cuando el detective literario vigila a su autor izenburupean, bi idazleak, irakurleak protagonisten inguruan itxaroten dauena edo eleberriaren garapenean protagonistek idazlea zein puntutaraino baldintzatzen daben aztertzen ahaleginduko dira. Moderatzaile kanak, barriz, kulturan espezialistea dan César Coca kazetariak egingo ditu.
Topaketa honetan, konbidautako egileek ahalegina egingo dabe, zein punturaino diran euren protagonisten gatibu, eta finkoak diran protagonista horreek erabili beharrak idazlearen askatasuna mugatzen dauen ala ez aztertzeko. Horrezaz gan, personaia horreek zelan eregiten diran eta denporan irautea zelan lortzen dan be aztertuko dabe, idazteko orduan serieak dituan irakurle finkoakan ala irakurle barriakan edo euren liburuak batzuetan bakarrik irakurten dituenakan pentsetan daben…
Lorenzo Silva (Madril, 1966), Zuzenbidea ikasi eban Madrilgo Unibersidade Konplutensean, eta enpresako abokatu lanak be egin zituan 1992tik 2002ra. Kontakizun, artikulu eta literatur entsegu asko idatzi ditu, baita nazinoartean ospea emon deutsien zenbait eleberri be. El alquimista impaciente lanagaitik, adibidez, Nadal Saria emon eutsien 2000. urtean. Lan hori, segurutik haren personaia ezagunenak, Bevilacqua brigadeak eta Virginia Chamorro sarjentuak osotutako Guardia zibilaren bikotea, agertzen diran bigarren eleberria da.
José María Guelbenzu (Madril, 1944), literatur kritikari eta idazlea da, eta oso ezaguna da, baita, Mariana de Arco instrukzino epailea protagonista dauen polizia eleberri serieagaitik be. Sail hori 2001ean hasi zan, No acosen al asesino lanagaz. Idazleak jaso dituan sari ugarien artean ondokoak dagoz: 1981ean jasotako Narrazinoko Kritikaren Saria; 1991ko Plaza&Janés Nazinoarteko Eleberri Saria; Kazetaritzako Sánchez Ruipérez Fundazinoa Saria 2007an, eta Narrazinoko Torrente Ballester Saria 2010ean. Sarritan idazten dau Revista de Libros aldizkarian eta El País egunkariko gehigarrian.
Bederatzigarren edizinoa
2007ko urtarrilean Eztabaidak literatureagaz egitaraua martxan jarri zanetik, 240 egile inguruk hartu dabe parte ekimenean, eta 8.000 lagun baino gehiago bertaratu dira. Denpora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko alkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte.
Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleakana hurreratzeko modu barria da, jentaurreko alkarrizketearen edo eztabaidearen bitartez, aurretik proponidutako gai bat ardatz hartuta. Egitarauaren helburua literaturearen harian alkartzeko topalekua eskaintzea da, bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitekturea, musikea, bidaiak edo matematikak, besteak beste), edo literaturearen genero batean oinarrituz, genero horretan sakonduz, egileen eskutik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!