Ixiar Rozasek ahotsaren inguruko 'Beltzuria' lana argitaratu dau

Bizkaie! 2014-10-17 15:38   Kulturea

Poesia, saiakerea eta dokumentala ditu osogai Ixiar Rozasek Pamiela etxeagaz kaleratu barri dauen Beltzuria liburuak. Ahotsaren espazio politikoa eta estetikoari buruzko hausnarketea egin dau egile gipuzkoarrak.

Poesia, saiakerea eta dokumentala ditu osogai Ixiar Rozasek Pamiela etxeagaz kaleratu barri dauen Beltzuria liburuak. Ahotsaren espazio politikoa eta estetikoari buruzko hausnarketea egin dau egile gipuzkoarrak.

Ahotsa ikertzen dabil urteotan Rozas, liburua ikerketa horretako parte da. Zer jazoten da ahotsaren espazioan? Zer, ahotsa desagertu aurretik? Eta gero, ahotsa desagertu ostean? Galdera horreek erantzuten ahalegintzen da egilea. Historian, pentsamenduan berbeak ahotsak baino garrantzi handiagoa izan dau, Rozasen arabera. Berbearen eta esangurearen erreinuak lehentasuna izan dabe beti.

Gogoeta horreek bizitza istorio batzuk zeharkatzen ditue, baina fikzinoa erabili barik. Itziar Garcia eta Jon Ander Garciak osotutako Bigara artista bikoteak diseinau dau liburua.

Urriaren 25ean, Donostiako Kaxilda liburu-dendan aurkeztuko dau Rozasek lan barria jentaurrean, eta irakurketa horretan lagun izango ditu Harkaitz Cano, Miren Elizalde, Idoia Zabaleta eta Maite Arroitajauregi (Mursego).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu