Eusko Jaurlaritzearen irrati lizentzia lehiaketearen inguruko eskandalua, irregulartasunak eta euskalgintzari babes eskaerea

Bizkaie! 2013-03-25 10:38

Komunikabideak, euskerearen normalizazinoaren bidean, berebiziko garrantzia daben tresnak dira. Ezin dogu onartu hurrengo 26 urteetan ia erabat espainolez izango dan diala. Legala izango dan benetazko presentzia behar dau euskereak.

Komunikatu hau sinatzen dogunok irabazi asmorik bako erakundeak eta enpresak gara. Danok dogu helburu, Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako euskera hutsezko irrati eskaintza anitza egitea. Aurreko Eusko Jaurlaritzeak 2012an abiatu eban lizentzi-banaketearen inguruan sortutako eskandaluaren harira alkartu gara orain.

Eusko Jaurlaritzeak pasa dan urteko udabarrian deitutako lehiaketearen ebazpena publiko egin ebanean, behin-behineko lizentzia eskuratu genduala jakainarazo euskuen. Ondoren, gure harridurarako, jardunean egoan Eusko Jaurlaritzeak lehiaketea bertan behera ixtea erabagi eban, prentsa bidez jaso genduan barria. Are gehiago, erabagi hori hartu baino 15 egun lehenago, eta prentsa bitartez be, ebazpena behin betiko bihurtzeko erabagia hurrengo Jaurlaritzeari itxiko eutsola jakinarazo eban.

Espedienteei begiratu bat emotea besterik ez dago, hasieratik irregulartasunez beteriko lehiaketa bat izan dala ikusteko. Irregulartasun horreen zergaitia azaltzea, ostera, beste batzuei jagoke.

Beste aldetik, gure desadostasuna agertu nahi dogu Bilbon, euskera hutseko irratientzat gordetako erreserba banaketeagaitik. Eusko Jaurlaritzeak SER-ek bultzatutako Dial Bilbao irrati formulea hobetsi eban, Bilbo Hiria irratiak aurkeztutako euskerazko proiektu ezagun eta errotua baztertuz. Zein interes egon daiteke hautaketa honen atzean?

Erabiliak eta gitxietsiak sentiduten gara. Egoitzea Madrilen daben komunikazino talde handien presinopean, euskerea interes-politikoen arabera erabilia izaten ari da.

Guk geuk helegiteak aurkeztu doguz Eusko Jaurlaritzeak hartutako erabagiaren aurrean; hile bateko epean, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren sailetik erantzuna jaso beharko geunke.

Egoera larria da oso. Espero dogu Jaurlaritzeak hartuko dauen erabagian, interes partikularren gainetik egotea euskerea. Baina, lehiaketea bertan behera ixteko erabagiari eusten badeutso, azken 26 urtean diala euskalduntzeko egon dan aukera bakarra galduko da: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako % 90ean euskera hutsean garatuko diran proiektuak ordezkatuak izateko aukerea. Frekuentzia legal batean, bardintasunean lehiatuko diran proiektuak. Irrati eskaintzeari, eta bereziki euskerazko irrati eskaintzeari, aniztasuna eta freskurea emongo deutsien proiektuak.

Lizentzia eskuratu daben irratietako hiruk, uriburuetan eskuratu ditue. Gainera, irrati komunitarioak dira. Beraz, irrati komunitarioen sektorea (legedi espainolak hainbestetan baztertu dauen sektorea) aintzat hartuz aintzindaria izango litzateke Euskal Autonomia Erkidegoa (egun irrati komunitario bakar batek dauka lizentzia, Valentzian).

Beste enpresa batek 8 lizentzia eskuratu ditu, euskereari sekulako bultzadea emongo leuskio honek. Errealidadea krudela da: gaur egungo dialaren % 80 espainolez emitiduten daben irratiez osotua baitadago.


Euskalgintzeari babes eskaerea

Komunikabideak, euskerearen normalizazinoaren bidean, berebiziko garrantzia daben tresnak dira. Ezin dogu onartu hurrengo 26 urteetan ia erabat espainolez izango dan diala. Legala izango dan benetazko presentzia behar dau euskereak.

Horregaitik, euskalgintzea osotzen daben eragileei bilera baterako konbita luzatzen deutsegu, datorren martiaren 26an, martitzena, goizeko 11:00etan Martin Ugalde Parkean.
Eusko Jaurlaritzari eskaera

Eusko Jaurlaritzeari eskaerea egiten deutsagu, lehiaketea berrartu daiala irregulartasunak hasi ziran puntuan. Egokiagoa ikusten badau, kasu honeetan egiten dan legez, bigarren balorazino independiente bat eska daiala. Baina prozesu hau guztia amaitzeko jar daizala indar guztiak.

Lehiaketea bertan behera geratzen bada, 34 lizentzia horreek (modu irregular batean banatuak eta anulatuak) egoera juridiko berezi batean geratuko dira, errekurtso kate etenbako batean, beste lehiaketa bat deitzea urte luzez atzeratuz.

Euskereak merezidu dau!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu