San Justoko karobia barriro ketan, abuztuaren 4an eta 5ean, Zeanurin

Jon Urutxurtu 2012-08-03 11:15

Abuztuaren 4an, zapatuan, 11:00etan izetuko dabe karobia Juan eta Julian Aranak. Urteetan ahaztuta eta amatauta egon dan ke zurizkea San Justoko haretxen artean igongo da Gorbeia mendiaren tontorraren bila. Aurten hamazazpigarren aldia izango da karobia lanean ipinten dauala Ipizki taldeak.

Abuztuaren 4an, zapatuan, 11:00etan izetuko dabe karobia Juan eta Julian Aranak. Urteetan ahaztuta eta amatauta egon dan ke zurizkea San Justoko haretxen artean igongo da Gorbeia mendiaren tontorraren bila. Domeka eguerdirantz, kare bizia oka egiten hasiko da labe-ahoa.

Aurten, 1996an zaharbarritu eta berreskuratu ebanetik, hamazazpigarren aldia izango da karobia lanean ipinten dauala Ipizki taldeak. Orain dala hamazazpi urte jarri eben martxan 1950etik bertan behera itxita eta hondatuta egoan karobi hau. Horretarako, urte haretan eta toki berean azkenengoz karea egin eben Juan eta Julian Aranagaz harremonetan jarri ziran Ipizkikoak, eta euren zuzendaritzapean konponketa eta zaharbarritze lanei ekin behar izan eutsen bi hiletan, kare labea ketan ipini aurretik.

Zapatuan, karobia izetu ostean, hamaiketakoa egongo da San Justora hurreratzen diran guztientzat, Iñaki Arrandegiak emonda. Bestalde, 14:30ean, auzo-bazkaria egingo da San Justuko harestipean. Bazkari herrikoi horretan edozeinek parte hartu leike, baina izena emon behar da ondoko telefono honetara deituz: 946739250

Hurrengo egunean, abuztuaren 5ean, domekan, San Justoko erromeria ospatuko da. 12:00etan mezea izango da; mezearen ostean maiordomoak barauskarria –ardao zuria eta gailetak– banatuko ditu jentearen artean eta jarraian paella txapelketea izango da.

Eguraldia lagun eta ohiturea jarraituz, asko izango dira San Justoko harestipean bazkaltzen geratuko diranak, eta arrastian,17:30etik aurrera, bola eta mus txapelketetan parte hartzeko aukerea izango dabe.

San Justokoa, Karobi frantsesa

San Justokoa karobi frantsesa deritxona da, hau da, kontraterrenoa aprobetxauz eregitakoa. Apurka-apurka estutzen doan zulo bat da, 4 metroko sakonerea daukana, eta 150 zentimetroko zabalerea, goiko aldean eta 40koa behekoan.

Kare-labe frantsesek era honetan egiten dabe lan: erregai funtzioa jokatzen dauan egurrez betetzen dira, gero, ganean, kareharri geruzea ipinten da eta sua emoten jake. Harria errez kare bihurtzen da eta karea egin ahala, egurrez eta kareharriz kargetan da karobia. Lan horrek hainbat lagunen beharra eskatzen eban, horregaitik hirulau etxe alkartuz edo auzolanean egiten zan.


Karearen erabilerak

Jadanik Antxinaroko zibilizazinoek erabilten eben karea, adibidez egipziarrek gorpuak balsametako erabilten eben. Euskal Herrian, erromatarren garaian eraikuntzan erabilteb bazan be, XVII. mendetik aurrera, nekazaritzan erabilten hasi ziranean, erabat zabaldu zan.

Baina zertarako egiten zan karea? Hainbat zereginetarako: eraikuntzan, lurraz eta uraz nahastauz etxe-paretak eta era guztietako hormak eregiteko morteroa lortzen zan, eta uraz bakarrik nahastauz, baserrietako hormak zuritzeko legetxera. Nekazaritzan, soloetako ongarri legez eta koko edo harren kontra erabilten zan. Abeltzaintzan, korten desinfekzinorako eta ganaduen apatxetako gaixotasunak osatzeko. Larrugintza industrian, animalien larruari okelea kentzeko erabilten zan.

Medikuntzan, amigdalitisa, faringitisa eta azaleko gaixotasunak sendatzeko kare uragaz gargarak egitea agintzen zan. Aitagarria da arrautzak konserbetako erabilerea.

Ikusi daitekeenez, funzino ugari beteten zituan kareak eta ondorioz, Euskal Herri tradizionaleko geografian nonahi azaltzen ziran karobiak. Baina, XX. mendean, abonu kimiko eta porlanaren produkzino industrialagaz lehiatu ezinik, bertan behera ixten hasi ziran, gizaldiaren erdirantz guztiz desagertu arte.

San Justoko karobia berreskuratuz, Gorbeialdeko ondare historiko-kulturalaren ikerketan eta babespenean garautxu bat ipintea bilatzen dau Ipizki Taldeak. Abuztuaren 4an eta 5ean barriro ikusi ahal izango da kare labea ketan!


San Justo jaiak, Otzerinmendin (Zeanurin)

Abuztuak 4, zapatua

- 11:00etan: Juan eta Julian Aranak karobia izetuko dabe. Ostean, hamaiketakoa.

- 14: 30ean: Auzo-bazkaria. Izena emoteko: 946739250

- 18:00etan:Trikikitilari Gazteen XXXII. Txapelketako kanporaketea


Abuztuak 5, domekea

- 12:00etan: Mezea. Ostean, Barauskarria

- 13:30ean: Paellen aukezpena

- 17:30ean: Bola txapelketea eta Mus txapelketea

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu