Piedadeko artearen inguruan ospatuko ditue San Balendinak Zeanuriko Eleizondon
2012-02-15 10:41Egitarau honetan aitagarria da orain dala 53 urte eleizondotarrek hasi eben eta orain dala hiru urte, aldi batean bertan behera itxita egon ondoren, berreskuratu eta ofizialtasuna emon gura izan eutsien ekintzea: Piedadeko artearen neurketea.
Aurten zezeilaren 19an ospatuko ditue San Balendin jaiak Zeanuriko Eleizondo auzoan, Piedadea izenaz ezagutzen dan ermitearen iguruan. San Balendin eguna zezeilaren 14an, martitzenean egokitu da aurten, eta horregaitik hurrengo domekara atzeratuz ospatzen dabe jaia eleizondotarrek.
Egitaraua apala, baina, aldi berean, bitxia antolatu dabe eleizondotarrek: 11:30ean mezea izango da Andra Mari parrokian; meza ostean, San Balendinen irudia parrokiatik 50 bat metrora dagoan ermitara eroango dabe, datorren urtera arte bertan ixteko, eta jarraian ermitearen aurreko artearen neurketeari ekingo deutsie. Neurketearen akta sinatu eta gero, aurtengo maiordomoak, Benito Manterolak, datorren urtekoari, Sebastian Gortazarreri, agiri-liburua eta ermitearen giltzea pasauko deutsoz. Ostean, barauskarria –urdaia, pamitxea eta ardaoa– banatuko da bertara hurreratzen diranen artean. Ekintza horreek herriko txistularien doinuen eta Eñaut Intxaurraga eta Jabi Olibares bertsolarien kantuen artean egingo dira.
Egitarau honetan aitagarria da orain dala 53 urte eleizondotarrek hasi eben eta orain dala hiru urte, aldi batean bertan behera itxita egon ondoren, berreskuratu eta ofizialtasuna emon gura izan eutsien ekintzea: Piedadeko artearen neurketea.
Artearen neurketea
Benito Manterola, aurtengo maiordomoaren –emitearen eta jaiaren gorabeherak antolatzeaz arduratzen dana– arabera, Piedadearen aurrean dagoan artea, lehenago leku berean egoan beste baten ordezkoa da; 1958 urtean landatu eben gure aurrekoek. Hurrengo urteetan, San Balendin egunean edota San Balendin eguna ospatzen zan domekan –konbit egunean– batzuetan bazkalostean, eta beste batzuetan afalostean, jai giroan, bolanderak botaz, bertsoak abestuz... artea neurtu egiten eben. Neurtzeaz Gorordo baserriko Zeferino Lejarreta arduratzen zan. Eta neurtu ostean, jaia amaitutzat emoten zan.
Aurrekoek hasitako ohiturea ez dabe galtzen itxi gura eleizondotarrek, eta maiordomoak dinoanez, aldi batean ohitura hau galdu egin genduan, baina 2007an neurtzen hasi ginan barriro, eta 2008an neurtzeaz ganera, agiri-liburua zabaldu genduan, bertan neurtzaileak, maiordomoak eta idazkariak sinatuz. Igaz 178,50 zm.-ko perimetroa hartu eutsien arteari 150 zm.-ko altueran. Zein izango ete da aurtengo neurria?
Zezeilaren 19ko San Balendin jaien egitaraua
- 11:30ean: mezea parrokian. Meza ostean, San Balendinen irudia parrokiatik Piedadeko emitara prozesinoan eroango da.
- 12:30ean: Piedadeko artearen neurketea (ohitura honen 53. urtea da aurten) eta datorren urteko maiordomoari agiri-liburua eta ermitako giltzak pasetea.
- 12:45ean: barauskarria: urdaia, ardaoa eta pamitxea.
Herriko txistulariek eta Eñaut Intxaurraga eta Jabi Olibares bertsolariek alaituko dabe giroa.
Piedadea ermitea
Eleizondoko Piedadea, errendegi ermitea –ermita humilladero gazteleraz– izenaz ezagutzen dan tipologiakoa da. Era honetako baseleizak herrien sarreretatik hur, bide bazterretan, eregiten ziran edota, Piedadearen kasuan gertatzen dan lez, bere eleizpetik galtzadea igaroten zan. Eleizondon oraindino ikusi daiteke Erdi Aroko galtzadearen tarte txiki bat.
Antza, antxina, era honetako ermitetan Gurutzearen aurreko errendia egiten zan; zeremonia horren bidez ibiltariak bere fidel izaerea adierazoten ei eban, hau da, ez zala moroa ezta judua be; horrezaz ganera, herrian sartu aurretik, gogo baketsuakaz etorrela adierazo gura eban.
Eleizondoko Piedadea baseleizea XVIII. gizaldikoa da. Oin laukizuzena – 7,20 m. X 5,30 m.– dauka; hormak errekarrizkoak dira, harlandu txikiakaz ertzetan eta huts-guneen inguruetan. Lau isuriko teilatua dauka, eta ez dauka kanpadorrerik.
Eleizpea zarratua da, eta puntu-erdiko ate bi eta leiho zabal bat daukaz, hau be puntu erdikoa. Sarrerek burdinaz sareztatutako ateak daroez eta leihoak be burdindun hesia dauka.
Baseleizarako sarrerea puntu erdiko arku bat da, egurrezko hesi bategaz itxia, arku horretan txertatzen da barrura sartzeko egur-atea.
Baseleizan gordeten diran irudiak: Piedadea, Jesusen Bihotza eta San Balendin.
Jaia: lehenago San Balendin eguneko mezea parrokian emoten zan. Jai bezperan santuaren irudia parrokiara eroaten zan prozesinoan, eta San Balendin egunean, ermitearen inguruan buelta bat emon ondoren, bere jatorrizko lekuan ixten zan. Azken urteotan ohitura hau berreskuratu egin da.
San Balendinen biografia
Erromatar Martirologioak Balentin izenagaz bi santu aitatzen ditu: bata, abadea da eta bestea, gotzaina. Beharbada, nahasketa bat egon daiteke, eta persona berberari buruzko bi historia izan daitekez. Bata, Terni-ko San Balendin da; Interamnako (gaur egungo Terni) gotzaina izan zan. Ospetsua izan zan ebanjelizazino lanagaitik, osatzeakaitik eta mirariakaitik. Aureliano enperadorearen jazarpenetan kartzelaratu eta burua ebagita hil egin eben K. o. 273an. Bere gorpua Terniko katedralean dago.
Bestea, Erromako San Balendin da. Klaudio Godoa enperadoreren jazarpenak sufriduten zituenei laguntzen eutsen. Baina bera be kartzelaratua eta torturatua izan zan, eta burua ebagita hil egin eben, 268ko zezeilaren 14an. Bere erlikia gehienak Santa Praxades eleizan dagoz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!