Tanttaka konpainiaren 'Ipar haizearen kontra', euskal antzezlanik onena, Ercilla sarietan

Dabi Piedra Robledo 2012-02-01 14:41   sariak-autortzak

Julieta Serrano eta Carmelo Gomezek urteko aktore onenaren saria eskuratu dabe, emakumezkoen eta gizonezkoen alorrean, hurranez hurran. Ibilbide artistiko osoari saria Gemma Cuervori emongo deutsie. Martiaren 13an izango da sari-banaketea, Bilbon.

Julieta Serrano eta Carmelo Gomezek urteko aktore onenaren saria eskuratu dabe, emakumezkoen eta gizonezkoen alorrean, hurranez hurran. Ibilbide artistiko osoari saria Gemma Cuervori emongo deutsie. Martiaren 13an izango da sari-banaketea, Bilbon.

Ercilla sarien 28. ekitaldia izango da aurtengoa, urte asko dira, izen handiko sariak dira gureak, baina erantzunkizuna be eskatzen dau, adierazo dau Jose Luis Martinez Caballero Ercillako komunikazino arduradunak. Sariak oso ondo balorauta dagoz antzezleen artean, erabagia hartzen gagozan bitartean, aktoreen dei asko jasoten doguz epaimahaikook, eurekaz ez ahazteko eskatuz, azaldu dau Carlos Bacigalupe epaimahaiko presidenteak.

Bizkaiko antzokietan 2011n taularatu diran antzezlan guztiak aztertuta emon ditue Ercilla sariak. Oraingoan, gizonezko aktore onenaren garaikurra Carmelo Gomezek irabazi dau, Elling lanagaitik. Emakumezko aktore onenaren saria, barriz, Julieta Serranok irabazi dau, La sonrisa etrusca beharragaitik. Julieta Serrano ez da horren ezaguna, baina saria emon izana ez da harritzekoa, antzezpen bikaina egin dau, nabarmendu dau Bacigalupek. Gemma Cuervok be saria lortu dau, ibilbide artistiko osoagaitik emoten dana, burruka handia egin dauen belaunaldi batekoa da, gorazarrea merezidu dau.

Irabazleen artean, aurten, Euskal Herriko izen bat baino gehiago dago. Alde batetik, Olaia Gil gipuzkoarrak errebelazino saria eskuratu dau. Tratu txarren inguruko No me hagas daño obran parte hartu dau, Tanttaka konpainiaren produkzinoagaz. Tanttakak beste Ercilla sari bat be irabazi dau aurten, Ipar haizearen kontra lanagaz, euskal produkzinorik onenarena, hain zuzen. Tanttaka oso lan ona egiten dabil aspaldion, gorengo mailako antzezlanak eskaintzen ditu, azpimarratu dau Bacigalupek. Jose Ibarrola euskal eszenografoak, jardun onenaren garaikurra eroan dau.

Sorkuntza dramatikorik onenaren saria La caida de los dioses obrearentzat izan da, eta Arriaga antzokiak koproduzidutako Beaumarchais antzezlanari, bestetik, ikuskizun onenaren saria egokitu jako. Arriaga egiten dabilen beharra azpimarratu behar da, denporaldiko ikuskizunik biribilenetan parte hartu dau, nabarmendu dau Javier Reino epaimahaiko kideak.

Egia esan eztabaida gitxi egon da aurten sarituak aukeratzeko, azaldu dau Bacigalupek, nahiko argi euki dogu zein aktore nabarmendu diran eta ze obra izan diran azpimarragarrienak. Behin irabazleen zerrendea publiko eginda, sari-banaketa ekitaldia martiaren 13an, martitzena, izango dala iragarri dabe. Ercillako Jose Luis Martinez Caballeroren esanetan, martitzena, hilaren hamahirua, da egun hori, baina espero dot zoritxarrik ez ekartea; normalean astelehenean egiten dogu sari-banaketea, aktoreen atseden eguna dalako, baina aurten martitzenera atzeratu behar izan dogu, konpromiso batzuk tarteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu